San Blas jaiak gerturatzen dabiltza, eta aurtengo jaietan txosnak beste leku batean topatuko dituzte bertaratzen direnek. Aspaldiko urteetan jai giroak ekartzen zizkien zarata eta trabak azaltzera hurreratu dira aurton Udalera hainbat herritar –alkatea eta jai batzordearengana–, eta irtenbide bat eskatu diete ordezkariei.
Soluzioa, Navarro alkateak azaldu digunez, auzotarren, Udalaren eta txosnak ipintzen dituzten elkarteen artean adostutakoa izan da. Azkenean, urteroko 4 edo 5 txosnak Dendarikoa kalearen eta Alfredo Baeschlin etorbideko autobus geltokiaren arteko lurzoruan ipiniko dituzte. Lurzoru horretan urbanizazioa eraikiko dutela-eta, behin-behineko kokalekua izango dute txosnek bertan.
Alkateak gaineratu du, Udalean duten asmoa, “urtero auzotar berberei eragin barik, bakoitzean leku batean ipintzea" izango dela. Aurtengo jaietarako, beste kale batzuetan ipintzea ere aztertu eta eztabaidatu omen dute, baina azaldu dutenez, horixe da herritarrik gutxienei eragingo dien kokalekua, eta aldi berean aldenduen dagoena; zaratak oihartzun txikiena egingo duena.
Txosnetako egitaraua
Jaietako bigarren asteburua bultzatzeko helburuarekin, egitarau berezia izango da txosnetan aurten. Kontzertuak barikuan Txosnagunean, eta trikipoteoa eta bazkaria zapatuan izango dira, besteak beste, jaietako bigarren asteburua girotuko duten ekitaldiak.