Urriko azkenengo martitzeneko batzarreko galdera eta eskaeren tartean, oposizioak –EAJko Garate zinegotziak– ipini zuen mahai gainean Udaleko garbiketa zerbitzuen kontratuen gaia. Laister hartuko dute erabakia, baina lehenengo eztabaidatu egin behar dute batzordean. Jose Luis Navarro alkateak aurreratu duenez, langileekin batzeko asmoa daukie euren lan egoerari buruz berba egiteko. Izan ere, alderdi guztiek onartzen dutena da arazoa egon badagoela, eta “egoera ez dela normala eta konpondu beharra” dagoela. Azaldu dutenez, garbiketako langile gehienek behin-behineko kontratuak dituzte, Udalak zailtasunak izaten ditu plazak betetzeko, eta zerbitzuaren kalitate eskasean igartzen ei da aipatutako guztia. Independienteen ustez, arazoaren irtenbidea “garbiketa zerbitzuak enpresa bati azpikontratatzea da”, horrela zerbitzuaren kalitatea hobetzea lortuko delakoan.
Oposizioak, EAE-ANVko Arkarazoren ahotan, Gobernu Taldeak bide errazena hartzeko intentzioa daukala salatu du, eta “konponbideak barik irtenbide arinenak” hartzen dituztela Abadiñoko Independienteek. Azpikontratazinoak “prekarietatean sartzea” esan gura duela azaldu du Arkarazo bozeroaleak.