Haurren obesitatearen prebentziorako kanpaina abiatu du Eroskik, Abadiñon daukan saltoki handian. Datorren urte osoan egingo dute eta milioi bat kontsumitzaile baino gehiagorengana ailegatzea da helburua, horiengan eta, batez ere, umeengan “bizi-ohitura osasuntsuak” sortzen lagunduz. Joan zen zapatuan kirol-zirkuitua egokitu zuten Abadiñon, jarduera fisikoa eta jolasa umeen loditasunari aurre egiteko gako lez sustatzea helburu hartuta.
Eroski zurekin lelo berria kaleratzearekin batera, “kontsumitzaileen ongizatearen alde” hartutako hiru konpromisoetako bat da hori; nutrizio-semaforoa ipintzea eta markaren produktuetan koipe kaltegarrienak kentzea dira besteak. Hasi berri duten kanpaina 2005 eta 2006an abiatutako informazio-kanpaina bien haritik sortu da: Obesitateari aurre hartzea ideia osasuntsua da eta Ongi jan, osasuntsu jan. Txikienengana zuzendu dira orain, “arazoak haiengan eragin handiagoa dauka-eta”.
Ardatz bi
Helburua lortu guran hainbat jarduera jarriko dira martxan ardatz biren inguruan: “Batetik, elikadura osasuntsua izatearen garrantzia, haurren loditasunari aurre egiten laguntzeko elikadura-ohiturak ezagutzera emateko informazio-kanpaina garatuz; eta, bestetik, jarduera fisikoaren sustapena”. Kanpainak dirauen bitartean hainbat erakunderen laguntza izango du Eroskik. Era berean, Fernando Romayren laguntza izango du; lehen mailako kirolaria, Eroski Fundazioaren laguna eta kanpainaren aitabitxia.
Besteren artean, Elikadura Osasuntsuaren Tourra egokituko dute hainbat hiri eta herritan, eta kirol zirkuitua asteburuetan hipermerkatuetan; jarduera fisikoa, kirola eta horiek sustatutako balioak eta jolasa loditasunari aurre egiteko “funtsezkoak” diren ideia bultzatu gura dute. Salmenta-guneetan informazio-standak jarriko dituzte eta kontsumitzaileen eskolak ere sortuko dituzte, obesitatearen gaineko hainbat gai aztertzeko.
Osasunaren Mundu Erakundearen arabera (OME), mila milioi helduk baino gehiagok dute gehiegizko pisua eta horietatik, gutxienez, 300 milioi dira lodiegiak. Halaxe eman dute jakitera. Bestalde, Europar Batasunean ei dago gehiegizko pisua daukan haurrik gehien eta, diotenez, haurren obesitatea hazten doan gaixotasuna da.