Astolako Zubiaurre etxean oroimen ekitaldia eratu du Gerediagak

Anboto 2007ko eka. 26a, 09:51

Astolako Zubiaurre etxean, gaur egun, Gerediaga elkartearen egoitzan, urteurren asko betetzen dira, eta horiek guztiak gogoan hartzeko oroimen ekitaldia eratu dute, zapatuan, ekainaren 30ean.

Astolako Zubiaurre etxean, gaur egun, Gerediaga elkartearen egoitzan, urteurren asko betetzen dira, eta horiek guztiak gogoan hartzeko oroimen ekitaldia eratu dute, zapatuan, ekainaren 30ean.

Astolako Auzitegi etxean izango da 12:30ean hasiko den ekitaldia eta, besteren artean, Nerea Mujikak, Anton Mari Aldekoa-Otalora, Jon Irazabalek eta Jose Luis Lizunduak parte hartuko dute. Ondoren, bazkaria izango dute Abadiñon. Horretarako hitzordua 14:30ean jarri dute, eta, izena emateko epea zabalik dago ekainaren 27ra arte. Horretarako elkartera bertora deitzea baino ez dago.

Durangaldeko elizateek euren batzar-toki, auzitegi, kartzela… leku finko bat izateko Astolako Zubiaurre etxea erosi zutela ia bost mende igaro dira, Gerediagak gogoratu duen moduan, eta horma horiek gertakizun askoren lekuko izan direla azpimarratu dute: “Apirilean 70 urte bete dira etxe honetatik, euskaldun askoren antzera, erbestera alde egin beharra izan zuela Julene Azpeitiak; Abadiñoko irakaslea, idazlea eta irakaskuntzan aitzindaria, askatasuna, euskara eta bere aberria maitatzeagatik. Gerediaga elkartearen egoitza Astolako auzitegi zahar horretan kokatu zela, berriz, 40 urte igaro dira”.

Horren haritik, argitu dute, 20 urte bete direla, berriztatze lanak amaituta, uztailaren 1ean, eta kanpoan ia bost urte egin eta gero, berriro Astolako egoitzara bueltatu zela Gerediaga elkartea. Hori guztia kontuan hartuta uste izan dute urteurren guztiok gogoratzea merezi duela eta oroimen ekitaldia antolatu dute Astola Etxean bertan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!