Sotoan, garajea, misioen artxiboa, batzarretarako gela eta biltegia batzen dira, besteak beste. Behe solairuan, berriz,  harrera, egongelak, sukaldea, jatetxea eta batzar lekua dagoz; eta, lehenengoan, ohe biko bost gela eta ohe bakarreko bi. Azkenik otoitz-lekua ez eze, lau apartamendu ere badira Lagunetxean. Halaxe azaldu du Joseba Legarza Urkiolako Santutegiko abadeak. Elizbarrutiko batzarrak eta otoitz egiteko lekua ez eze, Urkiolara hurreratutako mendizale eta bisitarientzat ere zabalik dago Lagunetxea, Legarzak nabarmendu duenez. “Sasoi baten bazeuden ostatu bi, baina, biak galdu ziren eta ostatu berria ipintzeko egarria geneukan. Behar zelakoan gaude. Urkiolan, obra asko izan ditugu eta obra nagusiak amaitzean aurrera egitea erabaki genuen, orain urte bi inguru”. Legarzaren berbetan, edonoren poltsikoaren neurriko tarifak zehaztu dira.