Garraiolariek egunean gehienez 9 orduan gidatu ahalko dute hemendik aurrera; astean egun bitan 10 ordu gidatu ahalko dute, gehienez ere. Beraz, astebetean, gehienez, 56 ordu gidatu ahalko dute, baina, aste bian jarraian, guztira, 90 ordu. Halaxe batzen du apirilaren 11n indarrean sartutako Europako Batasuneko garraiolarien gidatze eta atsedenaldiak arautzeko lege berriak.
Euskal Herriko Garraiolarien sindikatuak, HIRUk, gogoratu du lau ordu eta erdi gidatu ondoren 45 minutuko atsedenaldia egin beharko dutela garraiolariek: ordu laurdeneko geldialdia egin dezakete lehenengo, baina, bigarrena ordu erdikoa izan beharko da. Aurretik gutxieneko 15 minutuko hiru geldialdi egin zezaketen.
Bestalde, 11 orduan jarraian atseden hartzea derrigorrezkoa izango dute; astean hiru egunez, 9 ordura jaitsi dezaketen arren. Hori zatikatu gura izanez gero, berriz, geldialdi nagusia 9 ordukoa izango da —aurretik, 8 orduko bat eta gutxieneko ordubeteko beste bi egonaldi ziren—. Sei egunez gidatzen jardun ondoren, astean, jarraian 45 ordu atseden hartu behar dute, besteak beste, lege berriaren arabera; eta hurrengo astean, 24 edo 36 orduko atseden murriztua baimenduko da.