Uda osterako Durangon egoitza berria izatea itxaroten du Gerediagak

Anboto 2007ko mar. 27a, 13:04

Durangoko Udalak utzita, egoitza berria izango du Gerediaga kultur elkarteak Larrasoloeta kaleko 3. zenbakian. Eraikineko lanak ia amaitu daude eta uda osterako egoitza Abadiñotik bertora lekualdatzea da elkarteko arduradunen asmoa. Halaxe eman dute jakitera, usadioari eutsiz Gerediaga Salbadore ermitan urteko batzar nagusia egin ondoren. Gaur egun, Astolan (Abadiño) dauka egoitza Gerediagak.

Durangoko Udalak utzita, egoitza berria izango du Gerediaga kultur elkarteak Larrasoloeta kaleko 3. zenbakian. Eraikineko lanak ia amaitu daude eta uda osterako egoitza Abadiñotik bertora lekualdatzea da elkarteko arduradunen asmoa. Halaxe eman dute jakitera, usadioari eutsiz Gerediaga Salbadore ermitan urteko batzar nagusia egin ondoren. Gaur egun, Astolan (Abadiño) dauka egoitza Gerediagak.

Bestelako egitasmo berrien gainean ere jardun dute batzar horretan. Horrela, jakitera eman dutenez, Astola ikerketa urtekaria kaleratuko dute: “Durangaldeari buruz egiten diharduen ikerketen berri jasoko duen aldizkaria izango da hori, eta irakurle mota guztiei zuzendutako dibulgaziozko argitalpena izango da”. Horrezaz gainera, Urkiola Ikusentzunezkoa S. L egitasmo berria ere badauka esku artean Gerediagak.

Gerediagakoek azaldu dutenez, Durangaldean euskarazko tokiko telebista digital bat eratzeko bidean, Plateruena kafe antzokia, Anboto Komunikabideak eta Hamaika Taldearekin batera sortutako enpresa berria da hori. Azaldu dutenez, “lizentzia eskabidea egiteko sortu da enpresa eta horretarako Eusko Jaurlaritzak abian ipinitako lehiaketara aurkeztu da egitasmoa”. Gaineratu dutenez, etorkizunean kapitala beste erakunde, elkarte eta herritarrei zabaltzeko asmoa ere badago.

Merinaldearen sorrera politikoa eta iragan instituzionala ezagutzera emango duen ibilbide baten diseinuan ere badihardu lanean Gerediaga elkarteak, eta elkarteak kudeatzen duen Durangaldeko dokumentategian ere katalogazio eta hobekuntza lanekin jarraituko dutela azaldu dute elkarteko arduradunek. Horren harira, Euskal Museoarekin hitzartu berri du Gerediaga elkarteak Foto German Zorrakinen argazki artxiboa utzi eta museoak hiru urteren buruan digitalizatzea.

Urteko hitzorduak

Bestalde, urteroko hitzordu izan ohi diren ekitaldien egutegia ere finkatu du Gerediagak, urteko batzar nagusi horretan. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 42. edizioa abenduaren 5etik 9ra egingo da, jakitera eman dutenez; era berean, Ezpatadantzarien Eguna, aurten, Iurretan ospatu gura dute eta Euskal Herriko Artzain Txakurren Txapelketa, berriz, Atxondon.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!