Nekazaritza Sailak, Mendietako Foru Arauaren bitartez, pinuz landatutako lurrak bere horretan mantentzeko derrigortasuna “inposatzen” zien baserritarrei, “nekazaritza edo abeltzaintza erabilera batera bueltatzeko aukera ukatuz”. Halaxe azaldu du EHNEk. Hori dela-eta sindikatuak aspaldi planteatu zuen pinuz landatutako lur asko abeltzaintza eta nekazaritza erabilerara bueltatzeko aukeraren beharra. Ildo horretan, diote, Bizkaiko pinudi guztiak landa edo soro izatea ez dutela eskatzen, “bere orografia edo balio agrologikoagaitik egokiak diren lurretan nekazaritza eta abeltzaintza jarduera baimentzea baino”.

EHNEk nabarmendu duenez, pinuaren landaketa “bultzatzean” oinarritu da Bizkaiko Foru Aldundiaren politika, “beti ere, nekazaritza lurraren kontura”. Diotenez, “ez da inongo arazorik egon abeltzaintza edo nekazaritza lurretan pinua landatzeko, kontrako bidea (basotik nekazaritzara) ezinezkoa izan den bitartean”. Hala ere, EHNEren ustez “beharrezkoa” da nekazaritza eta baso lurrak bereiztea: “Baso erabilera baterako egokiagoak diren gune aldapatsuetan abeltzaintza eta nekazaritza praktikatzea komeni ez den bezala, ez da logikoa nekazaritzarako eta abeltzaintzarako egokiak diren lur lau edo aldapa ertainekoetan pinuaren landaketa bultzatzea”.
Ordenazio baten beharra
Landa inguruko ordenazio bat behar dela uste du EHNEk; “lurren balio agrologikoa aztertu eta horren arabera lurrak abeltzaintzarako, nekazaritzarako edo basogintzarako egokiak diren zehaztuko duen araudia”. Ildo horretan, argitu dutenez, “hasierako araudi horretatik abiatuta, basogintzarako lurren eta balio agrologiko handia duten lurren erabilera bere horretan mantendu behar da, erabileraren aldaketa baimendu gabe. Abeltzaintza zein basogintzarako balioa duten gune mistoetan erabilera baimendu behar da, baina, erabilera jakin bat bultzatu gabe, Nekazaritza Sailak pinu eta eukaliptoarekin egin duen bezala”.