Astelehenean 09:00etarako deitutako bilkura ordubeteko atzerapenarekin hasi zen astelehenean, azkenean, ateak itxita eginez. Izan ere, aurretik hiru herritar udaletxeko balkoian kateatu ziren, udaletxea ere itxiz. Langileak eta korporazio kideak kanpoan itxaron behar izan zuten zabaldu arte. Etxebizitza sozialak eskatzeko hainbat herritar ere bertaratu zen. Pelotazo urbanistikorik ez, Etxebizitza sozialak ja, Abadiño no es Marbella, Abadiño es de todos leloekin pankartak ere jarri zituzten udaletxean.
Etxebizitza eskubidea, Abadiño ez dago salgai eta Uriarte lapurra oihu artean hasi zen bilkura, eta, balkoian kateatutako hiru herritarrek EA eta EB-Berdeak-eko zinegotzien aulkietara kateatu ziren, ziotenez, “euren esku dago-eta egitasmoa onartzea”. Izaera juridikodun hiru alegazio ebatzi eta egitasmoa behin betiko onartzeko zegoen deituta bilkura. Hiruotako bat onartu da eta egitasmoa bera ere bai. Aitatu, aurretik izaera teknikoko beste lau alegazio ere izan zituela egitasmoak, atzera bota izan zirenak.
Hainbat etxebizitza

AIk egitasmoa onartu duten zinegotziak ustezko prebarikazioagatik salatzeko aukerak aztertuko ditu: “Ustelkeriaren aurkako fiskalaren eskuetan jarriko ditugu zinegotziak. Ezin dugu onartzen zinegotzi ustez ustelek gazteriari etxebizitza bategatik gehiago ordainaraztea bi-hiruren mesederako; herriko lur-jabe handi baten mesedera lurrak birkalifikatzeko egitasmoa da”. Nabarmendu dutenez, “onartezina” da etxebizitzarekin gazteriak daukan arazoarekin Udalak daukan lursail baten etxebizitza sozialak ez egitea: “Hor aurreikusi ziren 126 etxebizitza sozial egin beharko lituzke Udalak, gutxienez. Protesten aurrean ateratzeko da orain planteatu diren 55-60 etxe sozialak. Gainera, igual urtetan du irabazten etxeen sustatzaileak”.
“Txarto hasten dena txarto amaitzen da”. Horixe azaldu du PSE-EEk. “Obskurantismoa” izan da nagusi dioenez, eta jarraitutako prozesua kritikatu du: “Etxebizitzak eraikitzearen aldeko gara, baina, hasieratik iluna da egitasmo hau. Jarraitutako forma eta sistemaren aurka gaude”. PP ere jarraitutako formen eta egitasmoaren edukiaren aurka agertu da, “irregulartasun urbanistikoak” batu ditzakeelakoan. Bilkuran gertatutakoari, berriz, “tristea” deritzo: “Aldarrikatzea sanoa da, baina, formekin, errespetuz eta seriotasunez”.
"Gardentasun falta"
Bertaratutako gazteek bestalde, “gardentasun falta” nabarmendu dute eta “pelotazo argia” egin gura dela: “EAJ-EA eta EB-Berdeak-ek euren intereserako erabiltzen dute Udala, herritarrei bizkarra emanez. Etxebizitzak lur pribatuan egin gura dituzte aurretik; izan ere, aurretik lur publikoan eginez gero, gero, premiak bestelakoak litzateke. Aurretik, EAJko zerrendatan joan den pertsona batenak dira lurrak”. Etxebizitzak sozialak eregiteko lurrak 900.000 euro inguruan erosi zituen Udalak, gogoratu dutenez.