“Bizimodua halaxe egin dut, esne saltzen”

Anboto 2007ko ots. 6a, 19:11

Sanblasetako protagonistetariko bat izan da, aurten, Zezili Olea. Abadiñarra eta 30 urtean esne-saltzen jardundakoa. Tetrabrikean batutako esnera ohitu den arren, aldea “itzela” dela dio. San Blas egunez egindako omenaldia eskertu du.

Sanblasetako protagonistetariko bat izan da, aurten, Zezili Olea. Abadiñarra eta 30 urtean esne-saltzen jardundakoa. Tetrabrikean batutako esnera ohitu den arren, aldea “itzela” dela dio. San Blas egunez egindako omenaldia eskertu du.

zeziliOlea.jpgSanblasak desberdin aurten…
Apur bat bai… Oso ondo joan zen dena; azokan bueltatxoa ere egin genuen, berandutxo irten arren etxetik. Gainera, egun ederrak irten zuen. Jende asko ibili zen.

San Blas kordoia aldean duzu?
Ez ba. San Blas beti alboan dugula-eta ohiturarik ez dut erosteko.

Urteak egin dituzu esne-saltzen. Asko aldatu dira gauzak…
Bai. Lehenago baserriarekin lotuta geunden, eta, ganaduak ardura handia dauka. Gazteak ez dute orain segitzeko gogorik. Dirua ikusteko kalera doaz lanera, baina, egongo da gelditzen denik…

Esne-saltzen 30 urte egin dituzu.
Bai; ezkondu eta geroago ere bai. Bizimodua halaxe egin dut: esne-saltzen etxerik etxe eta batzuetan plazara… Abadiñon beti; 30 bat bezero izango nituen.

Zenbat behi zenituzten etxean?
Bost-sei…Esnea faltan bazen (txahala edukitzeko zirenean, esaterako) behia erosi behar zen bezeroak hornitzeko; konplitu egin behar. Larregi ere lan asko da, eta zaharrena saltzen zen.

Eguneroko lana gogorra zen…
Bai. Esnearekin lotutakoa eta bestelako lanak: ortua, belar-sasoia… Laguntza bat bada esnea; bizitzeko apur bat ematen du, baina, behiari ere eman behar zaio…

Orain baduzue behirik…
Bat, etxe-bazterrak jateko. Esnerako ez. Tetrabrikekoa hartzen dut, medikuak aginduta. Gaingabetua. Ohitu naiz, baina, aldea itzela da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!