Zerga eta tasak, orokorrean, % 4 igoko dira 2007an. Horrela onartu dute udalbatzarrean. Hala ere, salbuespenak ere badira; besteren artean, jarduerarik bako lokaletan ur-edangarriaren hornidura, erabilera komertzialekoetan beste ordainduko da eta ibilgailu historikoak edota 25 urtetik gorakoak % 100eko hobaria izango dute.
Gobernu Taldearen babesa baino ez dute izan ordenantza fiskalek; kontra agertu dira Abadiñoko Independienteak (AI), PSE-EE eta PP. Azken horiek 20 zuzenketa aurkeztu dituzte, “izaera ekonomiko eta sozialekoak guztiak”. Hala ere, Gobernu Taldearen kontrako botoa eta gainerakoen abstentzioa izan dute.
AIren ustez, “orain arteko legez” jarraitzen du Gobernu Taldeak: “Zerga eta tasak igo eta igo. Igotzegatik igoko da % 4. Eta gastuak berdinak dira. Ordenantzak zaharrak dira —urarena, esaterako, 83koa da—, eta adabakiak baino ez dira jartzen. Ez dakit noiz hasiko garen berriak egiten”. PSE-EEk, bere aldetik, azken hile bian urteko Kontsumo Indizearen Prezioa (KPI) % 2,5era ailegatu dela gogoratu du: “ Ez deritzogu herritarrei % 3,5etik gora igoko zaienik. Beraz, erosteko ahalmena galduko dute”.
PP zerga eta tasak ez igotzearen alde agertu da: “gestio fiskala kobratzera mugatzen da, herritarrei eskaini beharreko zerbitzuen kalitateaz arduratu gabe. Gainera, baliabideak egoki kudeatu behar ditu Udalak”. Hobari eta zerga-exentzioak ahaztu egin direla ere badio: “Zuzenketetan laguntza gutxien dutenei lagundu, enplegua eta energia berriztagarrien erabilera bultzatu… gura izan dugu”.