Bizkaiko Odolosteen XII. Munduko Txapelketan finalista izan da abadiñar bat. Zelaietan harategia daukan Mikel Berrojalbiz. Aurretik ere izan da finalista 1999an eta 2002an.
Guztira, 99 odoloste-egile batu dira, aurten, Txarriduna txerri akademiak Bilbaon antolatutako txapelketan. Bizkaiko eran, ‘txarri odola, koipea, gatza, porrua, tipula eta % 10 inguru arroz” erabilita egindako odolosteak saritu ohi dituzte. Parte-hartzailearen aukeran uzten dute espeziak erabiltzea.

Txapelketan 49 gipuzkoarrek, 43 bizkaitarrek, bost arabarrek eta Kantabriako hiru lagunek jardun dute. Odolosteak Bizkaiko eran ondoen gertatzen dituena Bermeoko Ander Barturen dela erabaki dute epaileek. Berrojalbizegaz batera, finalista izan dira beste lau: Jon Leturia (Bergara), Kepa Loidi (Orio), Patxi Renteria (Zorroza) eta Igor Zuazo (Dima).