Abadiñoko Hemen Gu Ga intsumisio taldeak IV. Intsumiso Eguna antolatu du, zapaturako. Egun osoan luzatuko den ekitaldi sorta zabala eratu dute gerturatuko direnei begira. Jaiari ongietorria emango dion txupinazoa 12:00etan jaurtiko dute, probalekuan, eta segidan, umeentzako jolasak hasiko dira.
Gaztetxean jokatutako mus txapelketen finalak hasiko dituzte 13:00ean, eta ordu erdi geroago, graffiti tailerra. Bertsoek girotutako bazkaria antolatu dute 14:30erako. Bertan parte hartuko dute Beñat Ugartetxeak, Ibai Guridik, Amets Arzallusek eta Sustrai Colinak, antolatzaileek jakitera eman dutenez. Bazkarirako txartelak sei euroan jarri dituzte salgai.
Olinpiadak eta kontzertua
Arratsaldea Olinpiadekin hasiko dute; 17:00etan, hain zuzen be. Ondoren, berriz, bertso-poteoa egingo dute, 18:30ean. Kalejira eta ekitaldia, bestalde, 20:00etan hasiko dira. Eguna amaitzeko, azkenik, kontzertua izango da. Kauta, Skye eta Edan musika taldeek joko dute.