“Esperientzia hartu behar dut orain, erronketarako gero ere izango da astia”

Anboto 2006ko aza. 10a, 13:24

Hurbileko elkarrizketa izan da Rober Uriarteri (20 urte, Abadiño) egindakoa. Auzo berekoak izanda, pilotari moduan hazten ezagutu dut. Matienako frontoian makina bat entrenamendu eta partida ikusiko genizkion.

Hurbileko elkarrizketa izan da Rober Uriarteri (20 urte, Abadiño) egindakoa. Auzo berekoak izanda, pilotari moduan hazten ezagutu dut. Matienako frontoian makina bat entrenamendu eta partida ikusiko genizkion. Umea mutiko bihurtu zen lehenengo, gazte gero, eta orain profesionaletako lehenengo partidekin batera, gizontzen dabil. Bihar, 22:00etan, Zegamako frontoian, Asperen adarreko bigarren mailako finalerdia jokatu du Zubietaren kontra. Galartza VI.ari nahikoa samur irabazi zion (22-13). Txapelketa horretaz gainera, ekainean Aspegaz hasitako ibilbide profesionalari buruz ere hitz egin dugu. Oraingoz, gustura dago emandako errendimenduarekin eta argi dauka behinena maila berriak eskatzen duen exijentziara egitea dela. Gero gerokoak.

Galartzaren kontra profesionaletako buruz buruko lehenengo lehia jokatu zenuen. Zer gomuta duzu?

Ni berez, ez naiz nerbioso jartzekoa, baina, egia esan, hasieran urduri jarri nintzen, eta sakea ere alde zeukanez, 6-2 aurretik ipini zen. Gero, izerdi apur bat botata asentatu egin nintzen eta hobeto jokatu nuan.

Bera atzelaria izanda, aurrean jokaa nahasten saiatu al zinen?
Bai, aurretik Kepa Arroitajauregigaz (botilleroa) horixe neukan erabakita: sake bueltan airea bilatu eta aurrean mugitu araztea. Zorionez, asmatu nuan eta hor egon zen gakoa.

Zubietak ere antzeko ezaugarriak ditu. Bere aurka taktika bera erabiliko duzu?
Bai. Tantoa sakez dominatzen eta errestoa airez baliatzen saiatuko naiz.

Urduritasuna albo batera uzteko modurik izango al da?
Batek badaki! Telebistak zuzenean emango du, itxura ona utzi gura duzu…Ea hasieratik nire jokua ateratzen dudan.

15_kirolak1_221.JPGLau t’erdikoa gustuko duzun modalitatea da?
Gustatzen zait, baina ez dut lar gustura ere jokatzen. Nik beheko postura daukat, eta lau t’erdian albotik jo behar da. Azpitik pasa egiteko arriskua dago.

Martitzenean, Zegaman bertan entrenatu zenuen. Nolako frontoia da?
Zorua noblea dauka. Neurriei dagokionez, nahikoa altua eta zabala da. Azken hori niretzako abantaila izan daiteke, pilota mugitzen asmatuz gero.

Aspen ekainean debutatu zenuen. Orain arteko bidearen zer balorazio egiten duzu?
Oso gustura nago. Partida dezente jokatzen nabil, eta irabazi galdu baino gehiago egin ditut, nahiz eta momentu honetan emaitza ez den inportanteena, pilotari legez egitea baino. Orain maila berrira egokitzea da helburua, erronketarako gero ere egongo da astia. Hala ere, irabazteak indartu eta ilusionatu egiten zaitu, hori egia da.

Apezetxeak 17 urterekin debutatu zuen eta, oraindik gorputzik ez daukanez, hortxe dabil, partidak irabaztea ikaragarri kostatzen zaiola. Zuk ere 20 urteak bete aurretik debutatu zenuen.
Nik partida bat jokatu dut bere kontra, eta irabazi egin nion. Pilotan egingo du, dohaiak baditu eta, baina gaztea da. Nire kasuan ere jendeak esango du gazteegia naizela oraindik, baina, aukera eskaini zidaten, eta ezin nuen alperrik galdu.

Izan ditzakeen abantailekin eta arriskuekin eman zenuen baietza.
Bai, bi aldeak izan ditzake eta konsziente naiz. Nire kasuan, oraingoz, abantaila gehiago izan ditu desabantailak baino.

Animo faltarik ez duzu edukiko, seguruenik, baina zalerik sutsuena etxean duzu.
Aitak beti eraman nau partidetara, entrenamenduetara… Futbolaren eta pilotaren artean aukeratu nuenean ere, bete-betean babestu ninduen. Orain ere, ahal dauen partida guztietara joaten da.

Asier Berasaluze be hor dago, eskualdeko beste pilotari bat.
Merezimendu osoz dabil estelarrak jokatzen. Bizkaian pilotari onak dagoz. Normalean ondo dabilenari iristen zaio aukera, baina zortea ere behar da, hori argi dago.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!