Azken partidak, ordea, ezusteko atsegina eman zigun. Beroiz nafarraren eta Mendizabal antzuolarraren arteko buruz burukoak aurrekoen traza zuen hasieran, eta lehenengoaren kolpeak bigarrena etsitzera eramango zuela zirudien. Ez zen hala izan: Mendizabal, Beroizen indarraren jakitun eta bere jokua ere halakoxea delako, tantoak aurrean nahasten saiatu zen, aurkaria bere eremura erakarriz. Azkenean, ia ordubeteko partidan, 22-21 irabazi zion.
Partidan zehar tanto zoragarriak ikusi genituen. Luze sakatuz eta errestoko pilota txokoan gozo-gozo utziz, hiru-lau tanto dotore egin zituen Mendizabalek. 18-17 zihoazela, berriz, bostetik egindako bi hormako ikusgarriagaz amaitu zuen tantoa. Beroiz berak ere kastarekin eta ondo jokatu zuen. Bukaeran, txalo zaparradagaz agurtu zituzten biak.

Esandako moduan, beste hiru partidak azkenengoaren itzalean geratu ziren. Kadete mailako lehenengoan, Perez sestaoarrak 18 eta 11 irabazi zion Elezkano zaratamoarrari. Ondoren, Merino errioxarrak jipoitu egin zuen Sagastibeltza nafarra; 18 eta 4. Ezker eskuin dotore eta indartsuaren jabe dela, eta dejadak ederki dominatzen dituela, Merinok zeresana emango du etorkizunean. Azkenik, gazteetako lehen partidan Urrutikoetxea zaratamoarrak 22 eta 10 irabazi zion Aiesta usansoloarrari. Azken honetan ere, indarraren legea nagusi.
Finalerdien bigarren txanda, eguaztenean jokatuko da, Mañarian. Perosanz berriztarrak Esteban errioxarraren aurka jokatuko du 19:00etatik aurrera.