Etxebizitza politika salatu gura izan dute Abadiñoko Iratxoek

Anboto 2006ko aza. 2a, 16:36

Ikusmina eta zeresana sortu dute joan zen irail amaieratik aurrera Traña-Matienako lorategietan agertutako plastikozko perretxikoek. Orain jakin dugunez, Abadiñoko etxebizitza politikaren aurrean landutako protesta ekimena izan da perretxikoen agerpen hori.

Halaxe jakin eragin dute Abadiñoko Iratxoek: “Etxebizitza duin bat lortzeko arazoak dituzten pertsona guztiekiko elkartasuna adierazi guran, etxe-perretxikoak erabili ditugu, guk eta Ama Lurraren izakiak. Mari, Atarrabi, Mikelats, Tartalo, Basajaun eta bestelako izaki mitologikoak Abadiñoko gazteekin elkartu gara, Uriarte, Lasuen, Cengotita eta gainerakoek prestatuta duten mafia horren guztiaren aurka egiteko”.

Abadiñoko Iratxoen berbetan, “gazteek eurenak eta bi egin behar dituzte etxebizitza duin bat lortzeko prezio justuan, eta bitartean, troll-ek diru probetxua neurri gabe ateratzen dute etxebizitza arazoaren kontura”. Iratxoen artean, “injustizia” hori ikusita, “elkartasunez beteriko sentimendua” gailendu ei zen: “Geure egin genuen Abadiñoko gazteen deia”.

“Harridura” nagusi

Herritarren aldetik “harridura, irria edo konplize begiradak” jaso dituztela azaldu dute Abadiñoko Iratxoek. “Askok ez zenduen ulertzen zer gertatzen zen, eta urduritasun puntu bat be igartzen zitzaizuen, zuen burua perretxikoz inguratuta ikustean. Ume kontutzat ere jo izan duzue batek baino gehiagok; izan ere, hain geldirik zaudete egunerokotasunari begira, hain duzue irudimena eta gauza berriak ezagutzeko asmoak lausotuak…”, jakinarazi dute ohar baten bitartez.

Etxebizitza duin baten aldeko aldarria egin gura izan dute Abadiñoko Iratxoek ekimen horren bitartez, “diru-jokaldi urbanistikoak” salatzearekin batera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!