Uriartek dinonez “gertaera faltsuak” salatu ditu AIk

Anboto 2006ko aza. 4a, 16:35

Urte hasikeran, Abadiñoko Independienteek (AI) Durangoko auzitegian ustezko prebarikazio delituagatik salaketa aurkeztu zuenetik— ustezko funtzionario eroskeriagatik ere bai—, bigarrenez joan da deklaratzera, hilaren 3an, Jabier Uriarte herriko alkatea. Irailean zabaldu egin zuten salaketa hori. Hala ere, Uriartek dio AIk “gertaera faltsuak” salatu dituela auzitegian: “hasi behar bada, salaketak aintzat hartzen direnean hasiko da prozedura judiziala”. Kasua estimatuko den ala ez hainbat arinen erabakitzea eskatu deutso epaileri. Azaroaren 6an, AIko bozeramale Jose Luis Navarro dago deklaratzera deituta.

Uriarteren berbetan, “AIk auzitegiak eta hedabideak erabiltzen dihardu hautestontzietan lortzen ez duena lortzeko”. Instrukzio epaileak defentsak eskatutako artxibatzea ukatu izana gezurtatu du Uriartek: “Ez da erabakirik hartu, artxibatzea eskatu ondoren, gertaera desberdin batzuk direla-eta Jose Luis Navarroren eskutik salaketa berri bat aurkeztu da-eta. Eta horren gainean, ez da frogarik egin”.

Alkatearen jardueran “anomaliak” ikusten dituelako salaketa gehiago aurkeztea eskatu izana ere gezurtatu du: “Dokumentuzko froga egin dadin argitzea eskatu die, lehenengo salaketan eskatutakoaren zati bat aurkeztuta zegoen-eta”. Bestalde, salaketa horretan aitatutako agiri batzuk aurkeztea eskatu ei du epaileak, defentsaren eskariz.

Uriarteren ustez,epaiketa “luzatzea” gura du AIk, baina epaileak dituen salaketekin erabaki bat hartzea espero du: “Ez dut uste gehiago sartzen utziko duenik”. Dioenez, “susmoak” baino ez daude, eta “salaketak onartuta ere, alkatea ez da prebarikatzailea prozedura amaitu arte”. AIren jardunari “funts gabekoa” deritzo: “Errudun joz gero, banoa. Ia jarrera berdina duten”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!