Ofizioak gaina hartuko dio ikusgarritasunari Tornosolo Txapelketako finalean

Anboto 2006ko urr. 27a, 20:27

Barikuan, 18:30etik aurrera, V. Tornosolo Txapelketako finalak jokatuko dira Abadiñoko trinketean. Lehenik, bigarren mailan, Amantegi eta Zuheros lehiatuko dira, eta ondoren, lehenengo mailan, Harotzarene eta Benesse. Ez, ez ezazue Loquillo Lopez bilatu finaleko protagonisten artean, ez duzue aurkituko eta.

Mexikarraren gehiegizko konfiantza ederki aprobetxatu zuen Harotzarenek, burrundara handirik gabe, partida irabazteko. Horrela, finalak ikusgarritasuna eta erakargarritasuna galdu ditu, baina ez kalitatea. Harotzarene eta Benesse, biak ala biak, trinketean zaildutako pilotariak dira, eta partida bete-betea aurreikusten dute adituek.

Pilotari sena izatea gauza ederra da, baita ofizioa ondo barneratuta edukitzea ere. Gehiegizko konfiantzak %u2013kantxaratu gabe partida irabazita dagoela sineste horrek%u2013, ordea, galbidera eraman dezake pilotaria. Horiek dira, hain zuzen ere, Harotzarene garaipenera eta Loquillo porrotera zuzendu zituzten gakoak. Finalerako txartela jokoan dagoen partida batek eskatzen duen tentsiorik gabe aritu zen mexikarra, luzaroan; nahi zuenean, erritmoa bizitu eta aise irabaziko zuelakoan. Harotzarenek, berriz, tiki eta taka lanean jarraitzearekin nahikoa izan zuen markagailuan gailentzeko. Orduan hasi ziren, nahi eta ezin, mexikarraren komeriak.

Markagailuan 25-21 hurbildu zitzaion arren, Harotzarene pilotari petoa da, eta ofizioa nabarmen gailendu zitzaion ikusgarritasunari. Amaieran, haserre zen Loquillo, arrazoiz. Azkenean, 40-30 lapurtarraren alde.

Benesse, erraz

Bigarren finalerdian, Benessek uste baino errazago irabazi zion Olagueri: 40-23. Eta ez Olague arerio nahikoa izan ez zelako, hasiera oso lehiakorra izan baitzen. Markagailuko oreka (9nako eta 11nako berdinketak izan ziren, besteak beste) Olagueri eskuan pilota bat sartu zitzaionean hautsi zen. Ez zion partida amaitzea eragotzi, baina, zalantzarik gabe, lehia erabat baldintzatu zuen. Hortik aurrerakoak ez zuen interes handirik izan, eta Landako pilotaria nahikoa erraz nagusitu zen.

Gaur, beraz, elkar ondo ezagutzen duten pilotari bi izango dira aurrez aurre. Ez dute elkar hausteko ahalik eta, ondorioz, partida orekatua gertatu daiteke. Benessek, beharbada, banakakorako dohain handiagoak ditu, baina partida noren alde erori daitekeen aurreikustea ezinezkoa da. Harotzarene munduko azpitxapelduna da (Loquilla da txapelaren jabe) eta Benesse, berriz, hirugarrena.

Benessek irabaziko balu, Tornosolon gailentzen den bigarren aldia litzateke, 2004an ere berak irabazi baitzuen. Aldi berean, txapelketan garaipena errepikatzen duen lehen pilotaria litzateke.

Eskualdekoen lehia

Bigarren mailako finalean Durangaldeko pilotari bi izango dira protagonista: Amantegi abadiñarra eta Zuheros atxondoarra.

Zuherosek finalera iristeko egindako bidea azpimarragarria eta goraipatzekoa da. Behe-behetik hasita, finalera iristeko bost lehia irabazi behar izan ditu; nahikoa erraz irabazi ere, markagailuei erreparatuz gero, behinik behin: 40-13 Isasiri, 40-18 Antoneri, 40-20 Cerezori, 40-35 Aldaperi eta 40-30 Azagirreri. Orain, bera da goitik behera begiratzen duena. Finaletik kanpora geratu arren, Azagirrek ere zoriontzeko moduko txapelketa osatu du, lehen koskatik abiatuta finalerdiak arte iritsi baita.

Amantegik, berriz, txapela janzteko faborito nagusienetakoa zen Gandiaga II.a kaleratu zuen (40-28). Abadiñarra indartsu aritu zen piloteoan, eta zoli tantoa amaitzerakoan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!