Akordioa lortu dute Nanuk enpresan, 63 eguneko grebaren ostean

Anboto 2013ko aza. 5a, 19:02

Akordioa sinatu dute enpresaren eta langileen ordezkariek. Greban egon direnak -lan talde erdia- beharrera bueltatuko dira, eta kaleratutakoa beste enpresa batean hasiko da lanean. 63 eguneko greba amaitu dute beharginek. Pozik agertu dira emaitzagaz, lortu dutela diote: "Borrokarekin edozer gauza lortu daitekeela gaineratzea besterik ez zaigu geratzen"

Irailaren 3an Transportes Nanuk enpresan hasitako greba amaitu da. Enpresa eta grebalariak akordioa heldu dira azkenean. Laugarrenez batu dira negoziatzeko, aurreko hiru saiakeretan kale egin ondoren. Atzo arratsaldean sinatu zuten akordioa. Horren arabera, Lan Erreformatik babestuko dituen enpresa-hitzarmena edukiko dute beharginek, eta kaleratutakoa ere beharrera bueltatuko da, baina beste enpresa batean. "Hirugarren enpresa baten sartzea lortu dugu baldintza duinetan. Zoritxarrez ez da enpresaren ekimen baten ondorioz lortutako gauza bat, grebalarion borrokaren bidez lortutako zerbait baizik". Emaitza borrokaren bidez lortu dela azpimarratu gura izan dute: "Borrokarekin edozer gauza lortu daitekeela gaineratzea besterik ez zaigu geratzen. Herri honetako langileok berriz ere lortu dugu hau demostratzea".

 

Aste hauen balantzea egin dute grebalariek. "Oso gogorrak egin zaizkigun bederatzi aste izan dira pasatako hauek, baina akordio honek, etorkizunean aldeen hartuemanak hobetzeko balioko duela uste dugu".

 

Elorrion eragin handia izan du lan gatazka honek, eta polemika ere tamaina berekoa izan da. Horren harira, herritarren partetik jasotako babesa eskertu gura izan dute: "Lortutakoa ez litzateke posible izango Elorrioko herriak eman digun indarra eta bultzadagatik izan ez balitz". Babestu dituzten kanpoko beharginei eta senideei ere eskerrak eman dizkiete grebalariek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!