Greba mugagabea hasi dute Nanuk enpresako hainbat beharginek

Anboto 2013ko ira. 3a, 16:56
Enpresari, hitzarmena negoziatzeko proposamena egin zieten abuztu hasieran, \"Lan Erreformatik babestuko gaituena\". Erantzunik jasotzen ez dutela ikusita, protesta eratu dute. Enpresak dio ezin dutela \"horrelako luxurik hartu\". Gainera, %4ko jaitsiera ezarri diete soldatetan, eta aparteko lan sari bi ere kendu dizkiete. Joan zen barikuan behargin bat ere kaleratu zuten

“Transportes Nanukeko langileek ez genuen greba mugagabe hau egin nahi, baina gure eskubideen etengabeko zapalketak horretara behartu gaitu”. Berba horiek erabili dituzte enpresa batzordeko kideek –LABek lau ordezkari eta ELAk bat– prentsaurrekoan. Azaldu zutenez, lan talde erdiak ekin dio grebari astelehen gauean, 00:00etan. Enpresari, hitzarmena negoziatzeko proposamena egin zieten abuztu hasieran, "Lan Erreformatik babestuko gaituena". Erantzunik jasotzen ez dutela ikusita, protesta eratu dute.


Baina, akordio zabalagoa gura dute. Izan ere, %4ko jaitsiera ezarri diete soldatetan, eta aparteko lan sari bi ere kendu dizkiete. Beharginek gogoratu dute, soldata jaitsiera epaitegian salatu zutela eta arrazoia eman zietela. Egoera ez ei da aldatu, ordea: “Epaitegiak esandakoa errespetatu beharrean, egun gutxitara berriro ekin zion soldata jaisteko estrategiari”. Uztailean berriro epaiketa eduki zuten. Enpresak krisia sufritu duela ez dute zalantzan jartzen, baina gestioagaz ez daude ados: “Guri kendutako diruagaz hamabi kamioi berri erosi dituzte”. Dirua bueltatzea eskatu dute.


Behargin bat kalera
Gainera, badaukate beste eskaera bat: joan zen barikuan kaleratutako behargina berriro onartzea. Greba deituta zegoen ordurako. “Bazekiten grebalaria izango zela. Hitzarmenaren proposamenari emandako erantzuna da”, bota zuen batek.


“Normaltasuna lortzeko oinarria, bi aldeen arteko errespetuan dagoela uste dugu”, esan dute prentsaurrekoan. Momentuz tentsioa dago bien artean. Nanukek Eroskirentzat egiten du ia lan guztia, eta  bertako zentralean sartzen ahalegindu dira grebalariak. Euren arabera, bulegoa beste leku batean egon arren hori da euren lantokia. Susmoa zeukaten, Eroskik beste enpresa batzuk azpikontratatu dituela eurek utzitako hutsunea betetzeko. Horregatik, euren greba eskubidea errespetatzeko eskatu diote. Arduradunek ez diete utzi barrura sartzen. Gero, beharginek udaltzainei deitu diete, haiek atestatua egin eta lan ikuskaritzan aurkezteko. Baina udaltzainek esan diete ez dela euren eskumena.


"Ezin luxurik hartu"
Enpresako gerenteak adierazi du, beharginek Lan Erreforma alboratzea eskatu dietela eta hori ezin dutela onartu: “Ezin dugu horrelako luxurik hartu; enpresako osasuna lehenetsi behar dugu”. Bere arabera, 98tik 32 daude greban, eta gainerako batzuek bajak eskatu dituzte, “jasandako presioengatik”.

 

Argazkiak: Lehenengoan, langileen ordezkariak arduradunekin berbetan. Bigarrenean, grebalariak.

 

\"\"

 \"\"

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!