Lanean talde erdia baino gehiago dagoela esan dute Nanuken greba egin ez dutenek

Anboto 2013ko ira. 5a, 08:55
Grebalarien partetik presioak salatu dituzte greba egin ez duten beharginek: \"Lana ez etetea askatasun osoz erabaki duten langileak gogorki eta modu onartezinean hertsatu dituzte, bai lan esparruan, bai esparru pertsonalean\". Greba mugagabea hasi duten langileek manifestazioa deitu dute, gaur, 19:00etan, plazan

Grebalarien partetik presioak salatu dituzte greba egin ez duten beharginek: "Lana ez etetea askatasun osoz erabaki duten langileak gogorki eta modu onartezinean hertsatu dituzte, bai lan esparruan, bai esparru pertsonalean". Greba mugagabea hasi duten langileek manifestazioa deitu dute, gaur, 19:00etan, plazan.

 

 

Astelehenean greba hasi zuten hainbat langilek Nanuk garraio enpresan, eta tentsioa handitzen dabil. Greban ez dauden behargin batzuek oharra bidali dute euren jarrera agertzeko, eta grebalarien partetik presioak salatu dituzte. Emandako datuak faltsuak direla ere esan dute: "Grebarekin bat egin duten langileak enpresako langile guztien erdia baino gutxiago dira". Greba deitzeko modua ere txarretsi dute: "Bitarteko sindikalek egin dute grebarako deia, legez dagokion langile-batzarra egin barik eta ekintza hori berresteko inolako bozketarik egin barik". Diotenez, beharginen gehiengoak eskatu du denen artean erabakitzea enpresaren aurrean zer jarrera hartu, baina enpresa batzordeak esan ei die dagoeneko erabakita dagoela. "Horregatik ez dugu uste batzorde horrek ordezkatzen gaituenik", aitortu dute.

 

 

Adierazi dute, hitzarmen proposamena aurkeztu baino lehenagotik ezarrita zegoela greba deialdia, grebalariek esandakoaren kontra. Kritiko agertu dira greba deialdiagaz: "Argi dugu hauek ez direla ez garai aproposak ezta modu eta bitarteko egokiak gure lanpostuak bermatzeko eta are gutxiago epe labur edo ertainean inolako hobekuntzarik lortzeko".

 

Gaur manifestazioa

Manifestazioa deitu dute, gaur, irailaren 2an greba mugagabea hasi zuten Nanukeko langileek. Plazatik abiatuko dira, 19:00etan. Azken hilabeteetan, enpresak soldatak jaitsi dizkiela salatu dute langileek; horren kontra epaiketa izan zuten uztailean. Langileen berbetan,  "egoeraren larriena" da, gainera, enpresaren abokatuak "soldata jaitsiera ez zela nahikoa eta kaleratzeak egon zitezkeela" esan zuela, epaiketan bertan. Azken aparteko bi ordainsariak ez dituztela jaso diote, eta ez dutela inolako azalpenik jaso. Aldi berean, diote enpresak uda honetan 12 kamioi buru erosi dituela.

 

Greba hasitako langileek enpresa-hitzarmen "duin" bat ere eskatzen dute, Espainiako lan erreforma berria ez aplikatzeko neurriak. "Guzti honen aurrean enpresaren erantzuna eta borondadea argia da: langile bat kaleratu dute jaien bezperan". Negoziatzeko prest daudela diote, baina, "kaleratutako langilea berriro lanean hastea, lan erreforma berritik babesteko lan-hitzarmena sinatzea eta langileekiko errespetua" eskatzen dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!