Nanuk-eko beharginek soldata jaisteari ezetz esan diote

Anboto 2012ko mai. 7a, 11:32
Enpresako arduradunek beharginen soldatak %5,5ean bajatu gura dituztela salatu dute mobilizazioan

Enpresako arduradunek beharginen soldatak %5,5ean bajatu gura dituztela salatu dute mobilizazioan.

 

Transportes Nanuk enpresan %5,5eko soldata jaitsiera ezarri gura du zuzendaritzak eta horretarako hamabost eguneko kontsulta-epea zabaldu dute, LAB sindikatuak azaldu duenez. Horren aurrean, mobilizatzeko erabakia hartu dute beharginek. Atzo, maiatzak 6, lehenengo kontzentrazioa egin zuten 120 lagunek plazan. 110 langile inguru dauzka enpresak, eta ordezkarien banaketa horrela daukate: LABek lau eta ELAk bat. "Enpresa batzordearen deiari langileriak babes osoa eskaini dio".

 

Haserrea adierazteko zenbait arrazoi eman dituzte beharginek. "Azken bi urteotan, Nanuk-eko jabeek enpresa bi erosi dituzte (Pegaso eta Izarzugaza). Beraz, inbertsioetarako dirua badute, baina soldatetarako ez?". Enpresaren negozio zifra haziz joan dela diote, eta ondo doala. Likidezia urteko kredituen arabera lortu duela, eta aurten banketxeek kreditu txikiagoa ematean, langileei kentzea erabaki duela: "Euren gestio txar edo erabaki okerren errudun ez dira langileak, beraz ez dugu zertan zuen akatsik ordaindu".

 

Horrez gainera, Nanuk-eko gerentea ASETRAVIko (Bizkaiko garraio enpresen elkartea) lehendakaria ere badela diote, eta bere helburua erreforma aplikatzea dela salatu dute: "ASETRAVIko kideen aurrean \'domina\' lortu nahi du, berak bere enpresan egindakoa besteentzako eredu bihurtuz".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!