Negoziazioa akordio barik amaitu da Nanuken

Anboto 2013ko ira. 24a, 12:15
Negoziazio mahaian batuta egon dira enpresa eta grebalariak. Ez dira akordiora heldu, eta 44 grebalariek protestari eutsi diote. Enpresaren jarrera kritikatu dute: \"Arazo ekonomikoen aitzakiak indar guztia galdu du eta dagoeneko ez du ez buru ezta hankarik ere konponbide batera ez ailegatzeko\"

Negoziazio mahaian batuta egon dira enpresa eta grebalariak. Ez dira akordiora heldu, eta 44 grebalariek protestari eutsi diote. Enpresaren jarrera kritikatu dute: "Arazo ekonomikoen aitzakiak indar guztia galdu eta dagoeneko ez du ez buru ezta hankarik ere konponbide batera ez ailegatzeko".

 

Bitartekarien laguntzagaz negoziatzen ibili dira Nanuk enpresako arduradunak eta grebalariak. Ez dira akordiora heldu, eta hilaren 19an eten zuten elkarrizketa. Grebalariek enpresari bota diote errua, eta borondate falta egotzi diote. 89 beharginetatik 44 daude greba mugabakoan, eta egunero kontzentrazioak egingo dituzte 19:00etan plazan. Grebalariek azaldu dute hainbat neurri onartzeko prest egon direla, eta aurreakordioa egon dela. %4ko soldata jaitsiera onartu ei dute lau urtetarako. Orduan erabakiko ei zuten bi aldeek dirua zelan itzuli edota epealdia luzatu, hala behar izanez gero. Zorretan daukaten hilabete eta erdiko ordainsaria bueltatzeko, hamabost hilabeteko epea eskaini diote enpresari. Akordioa egonez gero, zorraren herena barkatuko luketela ere esan dute. "Beraz, enpresak mahai gainean jartzen dituen arazo ekonomikoa konpontzeko aukera guztiak jasotzen dira".

 

Greba hasi baino egun bi lehenago protestan parte hartuko zuen behargin bat kaleratu zuen enpresak. Grebalariek hasieratik esan izan dute euren ustez mendekua izan dela, eta orain ere hori diote: "Bilera erronda honetatik zerbait argi atera baldin badugu, gure lankidearen kaleratzea mendekuzkoa izan zela da; beraien argudioak banan banan desmuntatu eta azkenean \'zuzendaritzaren erabakia da eta kitto\' erantzun digute-eta". Salatu dute kaleratzea bidegabea izan dela, eta ustezko lan karga falta ez dela egia. Beharginak sekula ez duela kexa edo antzekorik eduki esan dute.

 

Grebalarien ustez, traba handiena enpresa hitzarmenaren negoziazioan egon da. Enpresak Lan erreforma aplikatu gura ei du. Gerenteak esan ei die ez diotela legeak emandakoari uko egingo. "Langileen ordezkariek argi esan dute, erabaki gogorrak hartu behar badira, gutxienez bi aldeen akordioarekin izan behar duela, eta ez alde bakarreko inposizioz". Greban jarraituko dute 44 langileek, eta hiru eskaera egin dituzte: Gerentearen dimisioa, Lan Erreformari uko egingo dion hitzarmena sinatzea eta kaleratutako behargina berriro hartzea.

 

Enpresak eta lanean daudenek, beste iritzi bat

Enpresako gerenteak azaldu du negoziazoak era positiboan joan direla, eta bitartekarien lana eskertu gura izan du.  Lan Erreformaren inguruan egon da arazoa. LAB eta ELA sindikatuak kritikatu ditu: "Sindikatuek gura zuten guk Lan Erreformaren aurka sinatzea. Ez dugu sinatu, eta uneoro esan diegu ez dugula erreformaren erabilpen arbitrariorik egingo. Legeak ematen digun tresna bati ezin diogu ezetz esan". Bizkaiko garraio enpresen presidentea ere bada bera: "Lehiakortasun handia dago, eta testuinguru errealista behar dugu". Bizkaian beste lurralde batzuetan baino koste handiagoak daudela dio, besteetan baino %50 gehiago kasu batzuetan.

 

Langilearen kaleratzea defendatu du, eta esan du ez dela mendekua izan. Lan karga bajatu dela eta behargin horren errendimendua besteena baino txikiagoa izan dela adierazi du.

 

Bestalde, lanean segitzen dutenetako batek esan du egoera gogorra bizi dutela, irainak jasotzen dituztela, adibidez. Ez daude negoziazioen alde; idatzi bat sinatu zuten esanez ez zutela gura eurentzat bertatik ateratako neurririk. "Hau ez da Nanuken onurarako. Patronalaren eta sindikatuen arteko borroka da, eta Nanuk erdian dago". 120 lanpostu jokoan daudela ohartarazi du. "Hau konpontzeko modua? Lanera bueltatu eta berba egitea".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!