Otxandion 50 urte joan dira euskaraz irakasten hasi zirenetik, eta, Inkernuz erain lelopean, ekitaldi sorta prestatu dute urteurren borobila ospatzeko. Ekintzak asteburu osora zabalduko dituzten arren, zapatuan izango dira ekitaldi nagusiak. Otxandiarrek etxean gordetako argazki, testuliburu, eskulan eta askotariko oroigarriak baliatuta, Ateak ireki erakusketa berezia egongo da ikusgai eskolan. Era berean, Markel Onaindia kazetari iurretarrak urteurrenerako sortu eta zuzendutako ikus-entzunezkoa erakutsiko dute. Gero, herri bazkaria egingo dute, eta, eguna borobiltzeko, Tio Teronen Semeak taldeak Haurreskolari dantza ikuskizuna plazaratuko du.
Zapatuko egunaren aurrekari legez, bihar arratsalderako ere prestatu dituzte ekintzak. Bingoa egingo dute Kontseilupean, eta talo tailerra Pasealekuan. Ondoren, DJ Pakok musika ipiniko du plazan.
Omenaldia
Andresa Landa ikastolak 1976an hasi zuen bere ibilbidea, eskolaurrea eskainita. "Geroago, modu naturalean, euskaraz ikasten jarraitzeko aukera zabaltzen joan zen". Halaxe azaldu du Miren Campok, urteurrena ospatzeko sorturiko taldeko kideak. Bittor Kapanagak utzitako lokal batean izan zuen aterpe ikastolak. Mainondo herri eskolak 1982an hasi zuen bere bidea. Domekan, omenaldia egingo diete ikastola sortzen lagundu zuten 50 pertsonari. Ekitaldia plazan izango da, eta hori amaitu ondoren luntxa izango dute.