Bizkaiko Foru Aldundiak hainbat jarduketa egingo du Bizkaiko mendietan azken urteetan izan diren kalteei aurre egiteko. Otxandion, Azpikoarri inguruko hektarea bitan egingo dituzte lanak. Lehendik zeuden pinuak bota dituzte, eta orain tokiko hostozabalak landatuko dituzte. Foru ordezkariek azaldu dutenez, "lurrotan dauden bertako arbola hostozabalak zainduko ditugu, hazi daitezen. Eta, pinuak botata hutsune handia geratu den tokietan mintegietatik ekarritako arbolak landatuko dira". Horrez gainera, itxiturak ipiniko dituzte, eta arbola batzuetan tutu-babesleak jarriko dituzte, ganadu, orkatz edo oreinengandik babesteko.
Hainbat herritan gauzatuko diren proiektuak finantzatzeko Aldundiak bi milioi eurotik gora jaso ditu Espainiako Gobernuak basoak eta biodibertsitatea zaintzeko EAEra bideratzen dituen funtsetatik. Baso-eremuak berreskuratzeko eta basoak normaltasunez birsortzen laguntzeko lanak dira aldundiak garatuko dituenak. Suteen prebentzioa ere hobetuko da, foru arduradunek jakitera eman dutenez.