Otxandioko Hamaika Lore taldeak bat egin du inmigrazio politikak salatzeko Irunen deitutako manifestazioagaz

Anboto 2025ko urt. 25a, 17:16

Korrikan migratzaileen aldeko ekintzarengatik auzipetutakoei babesa adierazteko autoinkulpazio agiriak batu zituzten Otxandion, atzo arratsaldean.

Korrikan 36 migratzaileri Irunen (Gipuzkoa) eta Hendaiaren (Lapurdi) arteko muga igarotzen laguntzeagatik zazpi aktibista epaituko dituzte datorren urtarrilaren 28an. Aktibistei babesa emateko eta inmigrazio politikak salatzeko manifestazioa egingo dute domekan, "desobedientzia ekintza" hori bultzatu zuten kolektiboek deituta. Aktibisten "berehalako kargugabetasuna" aldarrikatuko dute.

Irungo Ficoba erakustazokatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitu du Otxandioko Hamaika Lore kultur aniztasunaren aldeko taldeak.  Era berean, Korrikan migranteei lagundu zietenen alde  deitutako autoinkulpazio kanpainagaz bat egin dute. Atzo arratsaldean agiriak batzeko ekitaldia egin zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!