Haur eta nerabeen artean pantaila eta telefono mugikorren erabilera arduratsua sustatu guran, Otxandio ZEOS programara batu da. Teknologia berrien erabilera egokia sustatzea helburu duen sarearen aterkipean sorturiko Altxa Burua plataformak, Mainondo Herri Eskolak, Guraso Elkarteak eta udalak elkarlanean ekin diote programari herrian, eta, azaroaren 12an hasita, familiei zuzenduriko informazio tailerrak egingo dituzte. Kultur etxean izango dira, azaroaren 12an, 13an, 20an eta 21ean. Saio guztiak 18:30ean hasiko dira.
Altxa Burua plataformako kideek adierazi dutenez, "familien arteko saretzea lortzea ere bada helburua, ume eta nerabeengan pantailen eta telefono mugikorraren erabilera ez arduratsuak zor ditzakeen arriskuez ohartarazteko eta komunitate babesle bat osatzeko". Eskolako ikasle eta irakasleentzat saio bereziak antolatuko dituzte ZEOS programaren barruan.
Familiei zuzenduriko saioak
Ume eta nerabeen familiei zuzenduriko saioak Maitane Ormazabal psikologoak eta Altxa Burua Mugimenduko kidea den Telmo Lazkanok gidatuko dituzte. Lazkanok mugikorren erabilerak ume eta nerabeengan duen eragina aztertu du. Ekimenaren bultzatzaileek informazio tailerretan parte hartzera deitu dute. "Ume eta nerabeak erdigunean ipini eta errealitate osasungarriago bat eraikitzeko" aukera zabaldu dela nabarmendu dute sustatzaileek.
SAIOAK
Azaroak 12
• Mugikorraren auziaren formakuntza integrala.
Azaroak 13
• Osasun mentalean barrena
Azaroak 20
• Sare sozialen arriskua
eta erabilera
Azaroak 21
• Nerabezaroan barrena: beldurrak, balioak, autoestimua eta identitate eraikieraren garrantzia