Zein da egitasmoaren helburua?
Batetik, eskolan euskara komunikazio bidea izatea gura dugu, euskara ardatz izatea, eta, bestetik, egiten diren batzar eta saioetan euskaraz ez dakiten familien ulermena erraztea eta eskolan euren parte hartzea bultzatzea, horretarako zenbait baliabide jarrita eskura.
Zeintzuk dira baliabide horiek?
Hasteko, ikasturte hasierako batzarrean aldibereko itzulpena egin genuen gaztelaniara, Telegram aplikazioaren bitartez. Horrek batzarrak euskaraz egiteko aukera eman digu. Baloratu genuen ea herrian izango ote zen inor arabierara edo frantsesera aldibereko itzulpena egiteko. Baina ez dugu euskaratik hizkuntza horietara itzultzeko aukerarik izan. Bestalde, informazioa zabaltzeko, Telegram kanalak sortu ditugu, mailaka. Eskolatik euskaraz idatzitako oharrak itzultzeko aukera ematen du horrek. Euskaraz ez dakiten familiek aukera dute bidalitako oharra euren hizkuntzara itzultzeko, momentuan klikatuta. Gainera, taldeak sortu ditugunez, gurasoek euren hizkuntzan idatzi dezakete, eta guk euskarara itzultzen dugu. Egitasmoa azaltzeko, hainbat hizkuntzatan bidali genien informazioa gurasoei, UEMAren laguntzagaz.
Zelako harrera izan du egitasmoak?
Oso erantzun ona izan du. Euskaraz dakitenek ez dute euren hizkuntza zapalduta ikusten. Eta jatorri atzerritarra dutenek ere oso ondo hartu dute. Irailaren hasieran aurkeztu genion irakaslegoari; UEMAko ordezkari bat etorri zen. Saio bi egin genituen. Ondoren, herri mailako aurkezpena egin genuen, eskolako gimnasioan. Familiak, UEMAko ordezkariak eta gu geu egon ginen. Oraingoz, egitasmoa eskolan ipini da martxan, baina etorkizunari begira herrira zabaltzea da helburua. Udala ere badago egitasmo honetan sartuta.
Zeintzuk dira hurrengo pausoak?
Aldibereko itzulpenagaz jarraitzea da asmoa. Euskaraz ez dakiten familien parte hartzea bermatu gura dugu eskolan, onuragarria delako haien seme-alabentzat, haien integraziorako. Euskaraz dakiten eta ez dakiten familien arteko hartu-emana sendotzea eta indartzea ere gura dugu. Euskara eskolan ardatz izan behar duela uste dugu, baina ahaztu barik beste hizkuntza batzuk ere badaudela. Euskaraz ez dakiten familia horiekiko eta euren hizkuntzagazko jarrera abegikorra izatea ere badu helburu egitasmoak.
Euskarara hurbiltzeko bideak urratuzHuhezi Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateagaz elkarlanean sortu du UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak kulturartekotasuna eta euskara uztartzen dituen egitasmoa, eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzagaz zabaldu du. Zaldibian ipini zuten martxan lehenengoz, 2021-2022 ikasturtean. Ekimenaren bultzatzaileek euskara zaindu eta sustatu gura dute. Baina bide berriak ere bilatu gura dituzte euskaraz ulertzen ez dutenak komunitatera hurbiltzeko eta parte aktibo izateko. Eta abiapuntua hezkuntza komunitatea bada ere, aurrera begira herrira zabaltzea litzateke programa honen helburua. Joan zen ikasturtean antolatu ziren topaketetan parte hartu zuen Otxandiok, proiektuan sartuta dauden beste herri batzuekin batera. Pozik daude emandako pausoekin. "Gurasoen harrera ona ikusita, aurrera jarraituko dugu. Beste herri batzuetan ere badabiltza askotariko ekintzak antolatzen euskara sustatu eta kulturarteko hartu-emana sendotzeko, eta Otxandion ere bide horretatik joango gara", esan du eskolako zuzendariak. |