Otxandion gazteek alokairuan hartzeko hamar etxebizitzak 2025ean eraikiko dituzte

Anboto 2024ko eka. 19a, 10:48

Garai batean zinea egon zen orubean eraikiko dira etxebizitzak

Otxandioko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak zine zaharreko orubearen lagapen hitzarmena sinatu berri dute. Bertan jaso dute Etxebizitza Saila arduratuko dela etxeak eraikitzeaz, eta eraikin horren beheko solairua udalaren esku geratuko dela, etorkizunean anbulatorio berria eraikitzeko bertan.

Jaurlaritzak aurten lizitatuko ditu zine zaharreko orubean egingo dituzten hamar etxebitza dotazional eraikitzeko lanak. Datorren urtean hasiko dira etxebizitzak eraikitzen, eta gazteei eskainiko zaizkie alokairuan. Horrela jakinarazi dio Eusko Jaurlaritzak Otxandioko Udalari. Erakunde biek zine zaharreko orubearen lagapen hitzarmena sinatu berri dute. Etxebizitza
horiek Etxebizitza Sailak eraikiko dituela jaso dute hitzarmenean, eta eraikinaren beheko solairua udalaren esku geratuko dela, etorkizunean anbulatorio berria eraikitzeko bertan.

Udalak Sorginestrada, Udaletxe eta Elixoste kaleak eraberritu eta hiritartzeko proiektua egin du, eta horren barruan eraikiko dituzte gazteentzako etxebizitzak. Egoitz Garmendia alkateak adierazi du lanak gura baino askoz ere gehiago atzeratu direla. Horrek inguruaren urbanizazio lanak baldintzatzen ditu, "ez duelako zentzurik lehenengo urbanizazio lanak egitea, eta gero etxeak", gaineratu duenez.

Proiektuak Gaztetxearen aurreko zonaldearen eta Udaletxe eta Sorginestrada kaleen hiritartzea, eta etorkizuneko anbulatorio berria egitea ere barne hartzen du. Elixosteren urbanizazioa Udalak 115.000 euro ditu lotuta aurtengo aurrekontuan Elixoste
inguruko urbanizazio lanen lehenengo faserako —Sorginestrada eta zine zaharreko orubetik Ospital kaleraino—. Aurten eraberrituko dute inguru hori. Hurrengo faseak Etxebizitza Sailak etxebizitza blokeak eraikitzen amaitzen dituenerako utziko ditu udalak. Anbulatorio berriaren proiektuari alokairurako etxe blokea eta Elixosteko urbanizazioa amaitu eta gero ekingo diote.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!