Otxandioko Udalak Mainondoko frontoirako sarbidea arautu eta funtzionamendu berria zehaztu du. Modu horretan, frontoiaren barruko instalazioetan eta rokodromoan "behin eta berriz" izaten diren apurketak ekiditu gura dituzte. Udal ordezkariek jakitera eman dutenez, frontoiaren ateak eskola orduetan eta zuzendutako jardueretan bakarrik egongo dira zabalik. Gainontzeko orduetan bertara sartzeko txartela erabili beharko da. Gaurtik aurrera indarrean dago araudi berria.
Frontoia erabili gura duten herritarrek aldez aurretik erreserbatu beharko dute ordua. Hala ere, 25 euro ordainduta urte osoko bonoa ateratzeko aukera ere badute. Bonoak urte osoko sarbidea eta argia erabili ahal izateko eskubidea emango du. Udal arduradunek gaineratu dutenez, zuzendutako jarduerek edota erreserbek lehentasuna izango dute frontoia erabiltzerako orduan.