Otxandioko Euskalgintza Taldeak, biziberrituta, euskaraz bete du plaza, askotariko ekintzekin

Joseba Derteano 2024ko api. 23a, 09:45

Maider Arejolaleiba Gabilondo, Aitor Esteban Etxebarria, Jaione Agirregabiria Basaguren eta Joseba Koldo Gartzia Korrikako zurezko testigu handiagaz.

Otxandion, Euskalgintza Taldeak antolatuta, aspaldian makina bat ekintza izan da euskara sustatzeko. Ez da talde berria, baina bai legegintzaldi berriagaz batera biziberritu dena, eta, taldekide beteranoen esperientziari berriek ekarritako haize freskoa batuta, kaleak euskaragaz blaitu dituzte. 

Euskalgintza Taldea udaleko ordezkariek eta herriko euskaltzaleek nahiz eragileek osatzen dute. Kultura batzordea zena kultura eta euskara batzorde bihurtu du legegintzaldi honetan udalak, euskararen inguruko zinegotzi bategaz. Aldaketa hori "bultzada" bat izan da taldea berpizteko eta jende berria erakartzeko, Jaione Agirregabiria Basaguren taldeko kide eta AEK-ko irakaslearen esanetan. Gero, denen artean egoniko "kohesio estuak" esplikatzen du azken hileetan antolatu duten ekintza emaria.

Herri askotan ohikoa den joera Otxandion ere gertatu da: euskara jakintza maila handia dago, baina erabilera bajatzen doa. Kezka hori ere izan dute akuilu. "Erabilera handitzea eta apurka egoerari buelta ematea da helburua, jakinda ere ez dela erraza", dio Maider Arrejolaleiba Gabilondo taldekide eta zinegotziak.

Iazko abenduaren 3an aurkeztu zuten kanpaina, Euskararen Nazioarteko Egunean, eta Korrikaren etorreragaz jo zuen goia, egun osoko jai bategaz: pintxo-afaria, pilota partiduak, AIKO taldearen dantzaldia… Orduko "giro itzela" ez dute berehalakoan ahaztuko. Bien bitartean, kolore eta gustu guztietako ekimenak antolatu dituzte: Kike Amonarrizen berbaldia, Asisko Urmenetaren Gora Euskal Herrientsak komikiaren aurkezpena… Baina herrian saltsarik handiena eragin duen jarduera Emojonk galdera-erantzunen jokoa izan da, euskal trivial modukoa. 116 herritarrek parte hartu dute joko honetan, batzuek aldiro eta beste batzuek maiztasun handiz. Astero zazpi galdera publikatzen zituzten eta haiei erantzun behar zitzaien. "Korrikaren egunean iragarri genuen irabazlea eta hark, mikrofonoa hartuta eta umorez, eskerrak eman zizkien galderei erantzuten lagundu zioten herritar guztiei", gogoratu dute. Anekdota hori ekintzak izandako harrera onaren isla da.

Mundu digitalari ere egin diote ekarpena. Hain zuzen ere, inteligentzia artifizialak euskaraz elikatzen aritu dira, etorkizunean makinak euskara ulertzeko eta euskaraz berba egiteko gai izan daitezen. 'Gaitu.eus' plataformaren bidez egin dute. "Estrategikoki mundu horretan ere komeni da euskara ondo kokatuta egotea", uste du Aitor Esteban Etxebarria taldekide, euskara teknikari eta bertsolariak.

Aurrera begira
Kanpaina amaitu den arren, Euskalgintza Taldearen lana hasi besterik ez da egin. Ekimen asko dute buruan. Esaterako, ahalduntze tailerrak, helburu eta hartzaile zehatzagoekin eta "eragin sakonago" baten bila, Agirregabiriaren esanetan.

Denborak esango du gaurko lanak fruiturik emango duen. Bien bitartean, adierazleak behintzat positiboak dira. Esaterako, Otxandiotik bete-beterik joan zen autobusa Baionara, Korrikaren helmugako jaira. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!