Elkarrizketa politikoak

“Ur hornidura sarean inbertitu izan ez bagenu, azkenengo udatan ez genuen urik edukiko”

Anboto 2023ko abe. 22a, 09:30

Egoitz Garmendia Verak (Otxandio, 1980) bigarren legegintzaldia hasi du Otxandioko alkate karguan. Hurrengo hamarkadan Otxandio herri bizia izan dadin zeintzuk beharrizan dituzten hausnartuta ekin diote legegintzaldi berriari.

Zer moduz legegintzaldi hasiera?
Aurreko lau urteetan helburu bat geneukan: hurrengo hamar urteei begira Otxandiok herri bizia izate aldera dituen erronkak definitzea eta ardatz horiek argi izanda lan egitea. Hori eginda, praktikan ipintzen hasi gara eta bueltan herriaren babes handia jaso dugu. Oinarri horiek ipinita, ideiak argi edukita heltzen diogu legegintzaldiari. Lantaldea indarberrituta dugu eta askoz ere esperientzia handiagoa daukagu, aurreko legegintzaldian talde berria ginen eta. Beraz, momentu onean gaudela uste dut.

Legegintzaldiari begira, zeintzuk dira proiektu nagusiak?
Batzuk proiektu fisiko zehatzak dira, hirigintzari loturikoak, baina beste asko herri prozesuari loturikoak dira. Hirigintzari lotuta, proiektu nagusi bi daude. Lehenengo, Gaztetxe aurreko proiektua gauzatu gura dugu. Orube horretan 10 etxebizitza dotazional eraikitzea da gure asmoa, eta azpiko solairuan udalarentzat geratzen den espazioan anbulatorio berria eraikitzea. Zonalde hori guzti hori urbanizatu egingo litzateke. Hori logika baten barruan doa. Aurreko legegintzaldian plaza guztia eraberritu genuen eta erdigunea hiritartzen amaitu eta gero eskolako zonaldean bigarren proiektua joango litzateke; kirolgune berria eraikitzea, hiru elementu nagusiren barruan: futbol zelai berria, pump track pista bat eta kalistenia zonalde bat.

Eta alde sozialetik, zeintzuk dira helburuak?
Beste lan lerro batzuk beharbada ez dira hainbesteko inbertsioak izango ekonomikoki, baina gure iritzian aurreko obren besteko inportanteak dira. Jasangarritasunari lotuta, zehaztuta daukagu hurrengo 10-15 urteetarako baso plana; aurten aplikatzen hasiko gara. Baso publikoetan eragiteko neurri batzuk dira. Komunitate energetikoa bultzatzea eta horren bueltan udal eraikin guztietako eta udal argiteriako efizientzia hobetzea. Kanpoko energiagazko dependentzia murritzea da helburua. Uren kudeaketa ere erronka da.

Arlo sozialean, hainbat parte hartze kanal ipini duzue martxan. Zein helburugaz?
Zaintzaren inguruan proiektu bat daukagu eta herriko nagusiekin banan-banan alkartuko gara. Aurten diagnostiko fase bat egitea da gure asmoa. 80 urtetik gorako herritar guztiekin batu gura dugu. 101 lagun dira. Horretarako, herriko profesionalekin osaturiko talde bat daukagu. Zelan dauden ikusi gura dugu, zein zerbitzu erabiltzen duten, zelan gustatuko litzaiekeen zainduak izatea etorkizunean, zeintzuk gabezia ikusten dituzten gaur egun jasotzen dituzten zerbitzuetan. Beharrizan horien arabera, instituzioekin loturiko zerbitzuetan eta herritarren zaintza sareetan zer garatu gura dugun ikusiko dugu. Guretzat lehentasun handi bat da. Oraingoz dirurik eskatu ez arren, oso inbertsio humano handia eskatzen du.

Bestalde, hainbat eremutan parte hartze kanal berriak martxan ipini gura ditugu. Otxandio herri hezitzaileen sarean sartu da eremu bitan: haurren eta nerabeen parte hartzean. Haurren kasuan, iaz haurren kontseilua martxan ipini zen, udalaren eta eskolako ikasleen asanbladako kideen artean. Hainbat kontseilu egin dugu. Dinamika bat sortu da euren berba kontuan hartzeko. Nerabeekin berdina egiten hasi gara orain. Espazio horretan, Txatxilipurdi elkarteagaz batera, nerabeen arloa landu gura dugu. Beste perspektiba batetik, zenbait saiakera egin dugu gazteen lerroan, eta ez dugu ondo asmatzen. Entzuketa ariketa bat egiten ahalegindu ginen eta ez genuen asmatu. Hori berdefinitzen gabiltza, eta berriro gabiltza hainbat gaztegaz biltzen, komunikazio kanal bat egon dadin.

Herritarren oinarrizko beharrizanak asetzeko, 11Lore elkartea dago. Elkartearen eta udalaren artean orain arte planteatu ditugun lan lerroetan sakondu gura dugu. Elikagai bankua, EPAko klaseak, formakuntza migratzaileentzat eta baita bertakoentzat ere, beharrizan ekonomiko larria duen jendearentzat eskolaz kanpoko jarduerak kubritzeko.

Amaitzeko, legegintzaldi honetan Berdintasun Plana berriztu gura dugu eta Mugimendu Feministagaz batzen hasi gara.

Zelan doaz aurtengo aurrekontuak?
Herri batzarra egin dugu eta Ogasun Batzordean aurkeztu dugu. Urte amaierarako astean plenotik pasatzea eta onartzea da gure asmoa.

2024ra begira, nora bideratu gura dituzue inbertsioak?
Inbertsiorik handiena solapatuta doazen lan bik eramango dute: lehenengoa udaletxeko, gaztetxeko eta nagusien egoitzako berokuntza sistemak biomasan oinarrituriko bero sare bategaitik aldatzea izango da. Europako Funtsetako diru laguntza deialdi batera aurkeztu ginen eta diru laguntza inportante bat jaso genuen. Bigarrena Elixosteko urbanizazioaren hasierako fase bat egitea izango da. Sorginestrada kalea eta Zine Zaharreko orubetik Ospital kalera dagoen tartea urbanizatuko ditugu, etxebizitzen blokearen obra datorren urteko bigarren zatian hastea aurreikusten dugulako. Elixosteko urbanizazioaren hurrengo faseak etxebizitza blokeen eraikuntza amaitzen denerako utziko ditugu. Bestalde, diru laguntza ebazpenen arabera, udaletxean igogailua ipintzeko eta udal argiteria aldatzeko asmoa dugu. Dirutan inbertsio txikiagoa izan arren, guretzat garrantzitsua den proiektuetariko bat Oreka komunitate energetikoarena da. Udala egitasmo horren parte da eta datorren urtean lehenengo instalazio fotovoltaikoa egingo litzateke industrialdean, eta hor ere udalak bere partea ipiniko du.

Gaztetxe aurreko orubearen proiektua aipatu duzu. Zeintzuk ezaugarri ditu?
Alde batetik, etxebizitzen eraikuntza, eta, bestetik, anbulatorioaren eraikuntza eta baita urbanizazio guztia ere. Legegintzaldi hasieran, 2020ko urtarrilean hitzarmena sinatu genuen Etxebizitza Sailagaz, hamar etxebizitza dotazional eraiki eta beheko solairua udalarentzat uzten zuena, bertan anbulatorioa egiteko. 2022ko abenduan eman genion obra baimena Eusko Jaurlaritzari. Esan digutenez, exekuzio proiektua eginda daukate eta hurrengo urte hasieran ipiniko dute martxan obren lizitazioa.

Dotazionalak direla diozunean, zein etxebizitza ereduri buruz zabiltza?
Lehenengo blokea ez da familientzat. Hiru bloke adostuta daude, ikusita alokairuaren eskaintza murritza dela. Bloke bat dotazionala da, etxebitza txikiekin gazteentzat, bikotean edo bakarka. Aurrerago garatuko liratekeen beste bloke biak familientzat izango lirateke.

Sasoi gogorra da merkatari txikientzat. Zein da Otxandioren egoera?
Une honetan Otxandion oinarrizko komertzioekin dugun arazoa da dendak zabaldu zituztenak jubilatzeko sasoian daudela. Eta errelebo generazionalik ez badago, komertziorik barik geratuko gara: harategirik barik, arrandegirik barik, okindegirik barik...

Zer egin dezakegu erreleboa bultzatzeko?
Arazo konpartitu bat duten neurrian, dendariek eta ostalariek elkarte bat sortu behar dutela uste dugu, horrela bitarteko gehiago izango dutelako euren interesak defendatzeko. Konpromisoa hartu genuen urtero kontsumoa sustatzeko kanpaina egiteko. Eta orain, lokalen arazoari irtenbidea emateko, diru laguntza bat martxan ipini dugu alokairuagaz laguntzeko. Herri txikia gara, oso bizia. Faktore bat kokapena da. Mugan gaude, apur bat aparte. Horrek arrisku bat ere badauka. Herri bizi horren zutabe bat jausten bada, inork ere ez digu bermatzen hamar urte barru ere herri bizia izango dela. Jendea hemen bizitzen geratzeko, elementu diferentzial bat izan behar dugu, eta hori herri nortasunaren parte sentitzea da.

Ur hornidura sarea udalak kudeatzen du. Zein hausnarketa egiten duzue?
Hamasei urtean uraren gastua gutxitu egin da, konponketak egin ditugulako. Ur hornidura sarean inbertitu izan ez bagenu, azkenengo udatan ez genuen urik edukiko. Prebisioak dira ur emaria %20 inguru bajatuko dela aurten, eta momentu batzuetan %50 ere bai. Kudeaketa guztia geuk egiten dugu eta sare hori zaintzea oso garrantzitsua da guretzat.

Zelan doaz Anteparaluzeta auzoko radarra, zebrabidea eta bidegorria?
Obra eginda dago, bidegorria, argiztapena eta autobus geltokia ere bai. Barne Sailak radarra ipintzea geratzen da, eta, hori eginda, hile batzuk joan behar dira trafikoaren abiadura murrizteko. Orduantxe ipini ahalko lirateke zebrabidea eta semaforoa. Lehenengo, abiadura jaitsi behar da radarren bitartez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!