Elixabete Etxanobe otxandiarra da Bizkaiko ahaldun nagusi berria

Anboto 2023ko uzt. 5a, 20:07

EAJ eta PSE-EEren botoei esker izendatu dute Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobe. Lehenengoz izango du emakume bat buru Bizkaiko Foru Aldundiak. 

Elixabete Etxanobe otxandiarra izendatu dute Bizkaiko ahaldun nagusi, Batzar Nagusiek gaur Gernikako juntetxean egindako bilkuran. EAJren 23 batzarkideen eta PSE-EEren zortzi batzarkideen botoak lortu ditu.

EH Bilduko hautagaiak, Iker Casanovak, bere taldekideen botoak baino ez ditu jaso, 14 guztira. PP eta Elkarrekin Bizkaia taldeetako batzarkideek boto zuria eman dute.

Bozketa amaituta, Etxanobek, zin egin du Gernikako arbolaren azpian, eta Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakari Ana Otaduiren eskutik aginte makila jaso du.

Datozen lau urteotarako lan ildo nagusiak azaldu ditu Etxanobek. Bizkaia “berdinzaleagoa eta gizarte kohesionatu eta aurreratua” lortu gura duela adierazi du.

Itxaso Berrojalbiz, orain arte Zornotzako zinegotzi eta Bizkaiko batzarkide izan dena, Bizkaiko ogasun diputatu izango da aurrerantzean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!