Udal eta foru hauteskundeak

Jokin Lozares Abasolo izango da EAJren Otxandioko alkategaia maiatzeko hauteskundeetan

Anboto 2023ko mar. 17a, 12:17

Jokin Lozares Abasolo.

Ingeniaritzan doktore da eta gaur egun irakasle eta ikerle da Deustuko Unibertsitatean.

EAJk iragarri du Jokin Lozares Abasolo (Otxandio, 1978) izango dela jeltzaleen alkategaia maiatzeko haustekundeetan. Ingeniaritzan doktore da eta gaur egun irakasle eta ikerle da Deustuko Unibertsitatean. Zerrendaburu aukeratu berriak izendapena "ilusioz beteta" hartu du. "Otxandio aurrera atera nahi dut, hori da pausu hau ematera bultzatu nauena. Nire hondar alea jarri nahi dut”, adierazi du ohar batean.

“Zerbitzu sozial sendoak behar ditugu, esanahi zabalenean ulertuta”, esan du. Horretarako “lan egingo dugu osasun zentroa hobetzeko, Pediatria zerbitzua jarri ahal den aztertuko dugu eta, beste erakundeekin batera, Otxandion eguneko zentroren bat edo tutoretzapeko etxebizitza bat jarri ahal den aztertuko dugu”, esan du.

Otxandioko hautagaiaren ardura ere bada garraio publikoa eta hori hobetzeko lan egingo duela dio. Bilborekin dagoen konexioa “egokia” dela aitortu arren “Gasteizekin daukaguna ez da nahikoa; bereziki autobus gehienak beteta datozelako”.

Jasangarritasuna eta ingurumena ere bada talde jeltzalearen zutabeetako bat. Esparru honetan Lozaresek planteatzen du erkidego energetikoari "bultzada erreala" ematea, “lehen urratsak ematen hasia dagoena”, eta herritarrei energia berriztagarrietarako eta autokontsumorako trantsizioan laguntzeko helburua duena.

EAJk aurreratu du Lozaresek "emakume eta gizonen lantalde anitza" izango duela beragaz. "Askotarikoa izango da adinari eta lanbideari dagokionez", azaldu dute oharrean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!