Eskola berria hainbat zutarriren gainean garatu gura duten proiektu integrala da: ikasleen interesetatik abiatutako ikasketa prozesua; eskolaren eta komunitatearen arteko zubiak eraikitzean jarraitzea; mugimendu autonomoan sakontzea; hizkuntzaren eta herriko kultura eta historiaren transmisioa lantzea; naturagaz hartu-emana estutzea; eta inklusioa lortzea.
Gazteen hezkuntzan, Otxandioko eskolako Nagore Agirrebeitia Fontetxa zuzendariak "beharrezkotzat" jotzen du komunitate osoaren parte hartzea, eta horretan ahaleginduko dira. "Ez ikasleen eta gurasoen parte hartzea bakarrik. Herriko eragileekin batera lan egin gura dugu, eta udalagaz ere bai, esaterako. Azken batean, eskola ez da ezer herririk barik, eta herria ez da ezer eskolarik barik. Horixe da bota gura genuen mezua", azaldu du.
Horregaz batera, gairik ezarri barik ikasleen interesetatik sorturikoak landu gura dituzte. "Horrela sorturiko lanek emaitza positiboagoak zituztela ikusten genuen. Orain, honetan oinarritzen da gure metodologia: talde bakoitzak bere interesekoa den gai bat proposatzen du eta hezkuntza curriculuma eurek adosturiko gai horretara moldatzen da", azaldu du Agirrebeitiak. Proiektua Otxandion garatuko duten arren, etorkizunean eredua beste eskola batzuetarako "esportagarria" izatea itxaroten dute.
COVIDa, abiapuntu
COVIDak eragindako itxialdiaren bueltan hasi ziren proiektua lantzen, iazko ekainean. "Familien ardurak eta egonezinak ikusi genituen, eta momentu horretan hasi ginen eskolako metodologia aldatzen. Egoera hark hausnarketa batera bideratu gintuen eta lehenengo pausoak ematen hasi ginen", gogoratu du Agirrebeitiak. Horren ondoren, gaia irakasleen klaustroan planteatu eta onartu zuten.