“Euskaraz bizi gura dugu eta Otxandion posible da hori, kalean euskaraz entzuten dugulako jendea”

Joseba Derteano 2020ko abe. 14a, 11:15

Monalisa Silva eta Farkhan Mohmmad etorkinentzako AISA euskara ikastaroetako ikasle bi dira Otxandion. Klaseak ez dira euren iturri bakarra euskara hobetzeko. Seme biak beti euskaraz ari zaizkio Silvari. Mohmmad-ek lagunekin praktikatzen du eta kalean honako hau da bere galderarik gustukoena: "Zelan esaten da berba hau euskaraz?".

Noiztik bizi zarete Otxandion?
Monalisa Silva: Urte bi daramatzat Otxandion. Aurretik, Gasteizen egon nintzen, 14 urtez.
Farkhan Mohmmad: Ni orain urtebete eta hiru hilabete etorri nintzen Otxandiora. 13-14 urte nituela irten nintzen sorterritik, Punjab-etik. Gero, Europako toki askotan bizi izan naiz: bost urte Grezian, hiru Italian, bi Frantzian… Alemanian ere egon naiz. Baina Otxandion bezain gustura ez naiz inon egon.

Zenbat denbora daramazue euskara ikasten?
M.S: Nire senarrak eta biok hilabete inguru daramagu Otxandioko AISA ikastaroetan eskolak hartzen. Lehenengoz ari gara euskara ikasten.
F.M.: Urte hasieran hasi nintzen euskara ikasten, baina egun gutxi izan ziren, pandemia heldu zen eta. Orain berriro hasi naiz.

Zergaitik hasi zineten?
M.S: Senarrak eta biok aspalditik ikasi gura genuen, Gasteizen bizi ginenean ere bai, baina Otxandiora heldu arte ez dugu aukerarik izan. Neurri batean, horregaitik aukeratu genuen Otxandiora etortzea, eta baita seme biengaitik ere. Izan ere, semeek [6 eta 12 urtekoak] euskaraz ikasten zuten Gasteizen, baina gero kalean ez zuten euskara erabiltzeko hain aukera handirik. Hemen, ostera, euskaraz bizitzeko aukera dute. Gainera, Otxandio herri lasaia da.
F.M.: Punjab eta Euskal Herria berdinak garela uste dut. Horregaitik erabaki nuen euskara ikastea. Biok ditugu kultura eta hizkuntza propio bat, estatu barik. Ni hezi nintzen tokian, [Pakistan aldeko Punjab zonaldean] jendeak urdua edo beste hizkuntza bat erabiltzen du normalean, hemen gaztelaniagaz gertatzen den moduan, baina nire ama hizkuntza punjabi-a da eta nik nire hizkuntza erabiltzen nuen beti. Otxandion ere berdina gertatzen da. Jendea euskaraz berbetan entzuten dut. Horregaitik gustatzen zait hainbeste hemen bizitzea. Euskaraz bizitzea hemengo kultura eta nortasuna mantentzeko modua da. Nik euskaraz bizi gura dut eta Otxandion posible da hori, kalean euskaraz entzuten delako jendea.
M.L.: Egia da. Kalean euskara entzuten da. Niri ere euskaraz bizitzea gustatuko litzaidake maila hobetzen dudanean.
F.M.: Gainera, denboragaz konturatu naiz berba batzuk berdinak edo oso antzekoak direla punjabiz eta euskaraz. Esaterako, 'ama'. Lehenengoz 'ama' berba entzun eta bere esangura esan zidatenean harrituta geratu nintzen. Adibide gehiago ere badaude.

Tabernetan, dendetan… egunerokotasunean euskaraz komunikatzen ahalegintzen zarete?
M.L.: Bai, saiatzen naiz. Nik Lora tabernako sukaldean lan egiten dut, beste batzuekin. Batzuetan euren artean euskaraz hasten dira eta nik askorik ulertuko ez dudala konturatzean "barkatu" esaten didate, baina niri ez dit ardura. "Jarraitu euskaraz" esaten diet. Horrela, ulermena hobetu dezaket. Oraintxe hasi naiz klaseetara joaten, baina Otxandion bizitzen daramadan sasoian apurka ikasten joan naiz; kalean, han eta hemen, entzundako berba solteekin edo semeek irakatsitakoagaz. Semeak beti euskaraz ari zaizkit: "Ikasi dezazun, ama", esaten didate. Batzuetan, testuinguruaren arabera eta berba batzuk ulertuta, asmatu daiteke solasaldiaren gaia. Gainera, euskara, hizkuntza bera, entzutea gustatu egiten zait.
F.M.: Ni euskaldun bategaz bizi naiz, bere etxean hartu ninduen. Beragaz euskaraz egiten dut beti. Horrek asko laguntzen du. Kalean ere nire lehenengo berba euskaraz da. Nire agurrak beti dira 'egun on' edo 'arratsalde on'.

Euskara ikasteko hizkuntza gatxa dela entzun ohi da. Horrela da?
M.L.: Hasieran baietz uste nuen. Jende batek esan zidan gatxa zela. Orain, klase batzuen ostean, ez daukat irudipen hori.
F.M.: Orain bi-hiru hilabete lagunei esan nien: "Euskara ikasten hasiko naiz". Eta esan zidaten: "Animo, zer zaila den…". Orain, eurekin ari naizenean harrituta geratzen dira aurreratu dudanagaz.
M.S.: Hau beti dabil euskaraz! Ikusten dudan tokian ikusten dudala, euskaraz ibiltzen da. Eta asko galdetzen du.
M.S.: (Barrez) Bai, horrela da. Beti saiatzen naiz. "Zelan esaten da berba hau euskaraz? Eta beste hori?", galdetzen dut.

Beste batzuei euskara ikasten hastea gomendatuko zeniekete?
M.L.: Beste herri batzuetako klaseen berri ez dakit, baina nik oso ondo pasatzen dut gureetan. Ikasten dugu eta, gainera, dibertigarriak dira. Asko eskertzen dut irakasleak gugaz duen pazientzia.
F.M.: Joseba deitzen da eta oso jatorra da. Gauza bera hamar bider galdetuta ere, lehenengo aldian moduan erantzungo dizu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!