Martxan dauden proiektuak amaitzeak izango du lehentasuna Otxandioko aurrekontuetan

Joseba Derteano 2019ko abe. 17a, 10:00

2020ko aurrekontuak onartu dituzte Otxandion, 2.116.208 euroko zenbatekoagaz. Inbertsioetako diru atalik handienak martxan dauden proiektuak amaitzera bideratuko dituzte. Horrela, proiektu horiek gauzatuta, hurrengo hamarkadara begirako fase berri bat hasi gura dute udalean. Herritarrekin prozesu parte-hartzaile bat eginda, lehentasunak markatzea eta ekintza plan bat diseinatzea da asmoa.

Aurrekontuetako 98.000 euro plazako lanak amaitzera bideratu dituzte. Orain urte batzuk, udaletxe pareko zatia eraberritu zuten, eta orain frontoi aldeko gunea konponduko dute. Baina obra hori gauzatu aurretik, arkeologia indusketak egiten ari dira, lurpean egon daitezkeen aztarnak dokumentatzeko. Prozesu horren ondoren eraberrituko dute plaza.

Mainondoko gimnasioaren bigarren fasea gauzatzeko, 101.000 euroko diru atala sortu dute aurrekontuetan. Gimnasioa aurten ipini dute martxan, gela bategaz. Datorren urtera begira, beste gela bat atontzea eta ekipatzea da asmoa.

Bestalde, 100.320 euro gorde dituzte Andaparaluzeta auzoan autobus geralekua eta espaloia egiteko gasolindegiraino.

EH Bilduren botoekin
Aurrekontuak Gobernu Taldearen (EH Bildu) aldeko botoekin onartu zituzten, joan zen astean. EAJ abstenitu egin zen. Aurrekontu proposamena berandu jaso eta eurak aztertzeko "denbora gutxi" izan dutela azaldu zuen Endika Garate jeltzaleak. Horregatik abstenitu ziren. Egoitz Garmendia alkatearentzat eta bere taldearentzat lehenengo aurrekontuak izan dira. Aurrekontuak lantzen "buru-belarri" zentratuta aritu direla azaldu, eta proposamena berandu helarazi zietela onartu zuen. "Datorren urtean proposamena lehenago partekatzeko konpromisoa hartzen dugu", azaldu zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!