Otxandioko alkatea lanaldi osora egongo da irailetik aurrera

Joseba Derteano 2019ko uzt. 10a, 16:00
Atzoko udalbatzarreko irudia.

Atzoko udalbatzarrean onartu zuten proposamena EH Bilduren aldeko botoekin. EAJk kontra bozkatu zuen.

Atzo udal eraketaren inguruko udalbatzarra egin zuten Otxandion eta, besteak beste, legegintzaldi honetan Egoitz Garmendia (EH Bildu) alkatea lanaldi osora egotea onartu zuten. Proposamena EH Bilduren aldeko botoekin irten zen aurrera. EAJk kontra bozkatu zuen. Garmendiak hilean 1.800 euroko soldata izango du eta urtean 31.658 eurokoa.

Aurreko legegintzaldian, orduko alkatearen eta zinegotzi baten artean lanaldi erdia bete zuten —bien jarduna batuta—.

Garmendia alkateak aldaketaren arrazoiak eman zituen. Alde batetik, aurreko legegintzaldiko Gobernu Taldearen gomendioz eta aurretik datozen proiektu garrantzitsuei begira hartu duten erabaki da. “Bai proiektu berriak garatzeko eta bai martxan daudenak aurrera eramateko Jaurlaritzarekin eta Aldundiarekin harremanak biderkatu egin beharko dira”,  azaldu zuen. Lanaldi osora egoteak “lan asko aurreratzeko eta bai alkateari eta bai zinegotziei bizitza familiarra eta udaleko jarduna hobeto kontziliatzeko aukera emango diela sinesten dugu”, azaldu zuen. Era berean, bere soldata Eudelek —Euskadiko Udalen Elkarteak— zehazten duen kopurua baino %40 baxuagoa izango dela zehaztu zuen.

EH Bilduko zinegotzi Onintze Lopez de Letonak beste argudio bat gehitu zuen: herritarren arreta. Alkatea egunero udaletxean egoteak “herritarrei arreta egokiagoa” eskaintzeko aukera emango duela adierazi zuen. “Herritarrentzako onuragarria izango dela sinesten dugu”, azaldu zuen.

EAJk kontra bozkatu zuen. “Une honetan ez dugu horren beharrik ikusten”, azaldu zuen Endika Garate zinegotziak eta, behar izatekotan, pertsona bakarreko lanaldi oso bat beharrean “beste metodo” batzuk bilatu daitezkeela adierazi zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!