Frankismoko biktima izan zirenen testigantzak jasoko ditu Otxandioko Udalak ekaina amaitu bitartean

Joseba Derteano 2018ko mai. 9a, 10:45

Frankismoak Otxandion eragin zituen krimenak eta gehiegikeriak txosten batean jaso eta auzitegira bideratuko ditu udalak. Bide bi erabiliko ditu: Argentinako kereila eta Durangoko auzitegia.

Batean zein bestean aurkeztuko duten txostena frankismoko biktima izan ziren herritarren testigantzekin osatu gura dute eta, horiek jasotzeko, arretarako gune bat zabaldu dute udaletxean maiatzean hasi eta ekaina amaitu arte.  

Frankismoko biktima izan zirela sentitzen duten herritarrak astelehenetik barikura udaletxeko ordutegian bertaratu daitezke euren lekukotza eskaintzera, 08:00etatik 15:00etara. Goizean joan ezin denak arratsaldean ere izango du aukera, baina, horretarako, udaletxera deitu eta ordua hartu beharko du.

Testigantzak udalak landutako txostenari gehituko dizkiote. Ondoren, Durangoko auzitegian salaketa jartzeko eta Argentinako kereilara batzeko erabiliko dute txosten hori.

Ibargutxiren hitzaldia
Nor kontsideratzen da biktima eta nor ez? Zer prozedura jarraituko dira salaketetan? Galdera horien eta beste batzuen gaineko argibideak emateko, hitzaldi bat antolatu du udalak maiatzaren 10erako, 19:00etan, Otxandioko kultur etxean. Frankismoko krimenen kontrako euskal plataformako kidea den Josu Ibargutxi izango da hizlaria.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!