Osakidetzak aurten ere ez du Otxandioko osasun zentro berria egingo, proiektua 2012koa bada ere

Joseba Derteano 2018ko urt. 10a, 09:38
Otxandioko Osasun Zentroa

EH Bilduko legebiltzarkide Eba Blancok Otxandioko osasun zentroaren gainean galdetu dio Osasun Sailari eta aurtengo aurrekontuetan "ez dagoela horretarako kontu-sailik" izan da erantzuna.

Ondorioz, Otxandioko bizilagunek azpiegitura berri horren zain jarraitu beharko dute beste urte batez, proiektua 2012tik eginda dagoen arren. “Osakidetza eta Osasun Saileko arduradunak adarra jotzen ari zaizkie bai bizilagunei, bai bertako udalari”, iritzi dio Blancok prentsa ohar batean.

EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, Otxandioko osasun zentro berria "beharrezkoa eta lehentasunezkoa" da, orain dagoenak "muga nabarmenak" dituelako espazio eta ekipamenduen aldetik, eta bertako udalak hala ohartarazi du 2011z geroztik. Blancoren esanetan, “anbulatorio berriaren beharra agerikoa da; esaterako, aukera bakarra da herrian pediatria zerbitzua edukitzeko; ulergaitza eta onartezina da Osasun Sailak eman digun erantzuna eta 2018an horrela egotea oraindik, obrak 2011z geroztik aurreikusita daudelako, proiektua 2012az geroztik bukatuta dagoelako eta anbulatorio berria eraikitzeko lurzorua ere Jaurlaritzaren esku utzi zuelako aspaldi udalak”.

Gaur egun Otxandioko osasun zentroa hartzen duen eraikina 50eko hamarkadakoa da. Urtzi Armendariz Otxandioko alkatearen ustez, "zaharkituta dago, irisgarritasun aldetik arazoak ematen ditu eta ez dago toki nahikorik"."Gainera, umeen jaiotza tasa handitu egin da eta Otxandion ez dago pediatria zerbitzurik. Legution ematen da, hemen han baino ume gehiago ditugun arren. Gurasoak zerbitzu hori eskatzen ari dira".

Jaurlaritzak proiektua egiten zuen bitartean, udalak eraikin berria egiteko lurzorua eskuratu eta egokitu zuen; Gaztetxe aurrean dagoen orubea, hain zuzen. Legegintzaldi hasieratik Osi Arabako —Osakidetzaran barruko erakundea— ordezkariekin hainbat bider batzartu dira eta osasun zentro berria egitea "lehentasuna zela esan ziguten", Armendarizen esanetan. Udaberrian Osakidetzako zuzendari Maria Jesus Mugikarekin ere batzartu ziren, baina ez dute erantzunik jaso izan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!