Baserri bik Arabako zein Bizkaiko Aldunditik jaso dute IBIa ordaintzeko ordainagiria

Joseba Derteano 2017ko abe. 18a, 09:35

Bizkaiko Aldundiaren arabera Otxandion daude baserri biak eta lur zatiak. Aldundiak darabilen mapa “txarto” dagoela dio Otxandioko Udalak eta, gainera, 2000. urte hasieran alde denek akordio bat sinatu zutenetik, baserri horiek Aramaioren (Araba) eskuduntzan daudela.

Kasu biren berri daukate Otxandioko Udalean, baina “suposatzen dugu hainbat egongo direla”, azaldu du Urtzi Armendariz alkateak. Otxandioren eta Aramaioren artean dagoen lur zati bat tira-bira askoren eragile izan da urte askoan. Udal biek nork bere jabegokoa dela defendatu izan dute historikoki. ‘Limitadua’ deitu izan diote auzi horri. Mende honen hasieran, udal biak eta Aldundi biak batu zituen batzar batean —Arartekoa bitartekari zela— akordio bat sinatu zuten. Orduan, muga zehatzak definitu eta adostu zituzten. Alde bateko lur zatiak eta baserriak Aramaioren (Araba) esku geratu ziren eta beste aldekoak Otxandioren (Bizkaia) barruan. Baserri biak Aramaioko mugen barruan geratu ziren eta, harrezkero, Arabatik kobratu diete IBIa. “Akordio hori ez dute errespetatu”, salatu du Armendariz alkateak.

Beraz, aurten Arabakoaz gainera, Bizkaiko IBIaren faktura ere jaso dute lur zati horien jabeek. Bizkaiko Aldundiak GeoEuskadiko (Euskadiko espazio datuak jasotzen dituen ataria) mapak erabili ditu oinarri moduan. Armendariz alkatearen arabera mapa horiek “txarto” daude.

Otxandioko Udalak jakinarazi zion hori guztia Aldundiari. “Euren erantzuna ezezkoa izan zen. Bizkaia dela eta Bizkaiak kudeatu behar dituela”. Udala ez dago ados eta berriro erantzungo diote akordioa ez dutela errespetatzen gogoratuz eta darabilten mapa oker dagoela gaineratuz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!