Otxandioko jaiak

Euskara taldea sortu ahal izateko ahaleginetan jarraituko dute Otxandion

Joseba Derteano 2017ko uzt. 17a, 10:39

Euskararen alde modu aktiboan lan egingo duen taldea sortzeko lehenengo saiakera erdibidean geratu da, baina oporren ostean saiakera berriak egingo dituzte. Orain aste bi Korrikaren inguruko bideo-lana estreinatu zuten kultur etxean, eta Kike Amonarrizek hitzaldia eskaini zuen. Aretoa lepo bete zen, 120 bat lagunegaz.

Abagune hori euskara taldea sortzeko abiapuntu moduan hartu zuten antolatzaileek, Korrikako sentsibilizazio eta erabilera lantaldeko kideek. Bertaratu ziren guztiei fitxa bana banatu zieten. Euskararen alde lan egiteko konpromiso maila desberdinetako aukerak agertzen ziren bertan, gura zuenak bere izena eman zezan. Hainbat lagunen erantzunak jaso zituzten, baina gehienek, modu aktiboan lanean barik, edo ekimen zehatzetan parte hartzen edo euren antolaketan laguntzen ikusten zuten euren burua.

Beraz, oraingoz ez da posible euskara talde finkoa sortzea. “Oraindik ahul samar gaude. Modu aktiboan lan egiteko prest dagoen jendea behar dugu”, azaldu du Jaione Agirregabiria Korrikako lantaldeko kideak.

Tailerrak, motibatzeko
Oporren ostean, ikasturte berriagaz batera, beste saiakera bat egingo dute. Euskararen inguruko formakuntza tailerrak eskaini gura dituzte, eta tailer horien helburua “motibazioan eragitea” izango da. Orain tailerrak nori zuzendu (eragile aktiboei, interesa duten herritar denei…) eta zelan egituratu pentsatzen dabiltza.

Jaien hasiera
Asteburuan santamaña jaiak hasi dira Otxandion. Txupinazoa eta Katalintxuren jaitsiera gaur izango dira, 19:00etan. Aurtengo txupina Korrika Otxandion hastea posible egin duten herritarrek piztuko dute. Hainbat lantaldetan banatutako herritarrek egindako lana aintzatesteko modua izango dela azaldu dute antolatzaileek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!