Luzia Urigoitiagaz gertatutakoa gogoratuko du mural berri batek Otxandion

Joseba Derteano 2017ko uzt. 4a, 10:15

Sasoi batean Luzia Urigoitia gogoratzen zuen murala zegoen horma berean beste bat egingo dute jaietarako. Prentsako titularrekin osatutako murala izango da. Urigoitiaren inguruan argitaratutako izenburuak ordenean jarrita, gertatutakoaren kronologia bat osatuko dute.  Gobernu Taldeak (EH Bildu) joan zen asteko udalbatzarrera eraman zuen proposamena, eta EAJ ados agertu zen.

Aurten 30 urte egingo dira Urigoitia hil zutenetik. 1987ko uztailaren 22an izan zen, Guardia Zibilak Donostia komandoaren aurka Pasaian egindako operazio batean. Gainera, 2015ean udalbatzarrak adierazpen instituzional bat onartu zuen, indarkeria politikoen biktima izan zirenen memoria berreskuratzeko konpromisoa hartuz. Urigoitia gogoratzeko omenaldia prestatzearren lau otxandiar atxilotu ostean izan zen.

Murala santamaña jaietan inauguratuko dute. Urigoitia uztailaren 22an hil zuten, eta baliteke egun horretan egitea edo, gutxienez, egun horren bueltan. Ekitaldi “xume eta sentikor” bat egitea gura dute, Urtzi Armendariz alkatearen esanetan. Familiagaz berba eginda eta euren oniritziagaz egingo dute. Muralari “mezu inklusibo bat gehituko diote, gertatu zen inpunitatea salatzeko eta zauriak behar den moduan itxi behar direla aldarrikatzeko”. Epaiketa bi izan ziren kasua argitzeko, baina akusatuak absolbitu egin zituzten.

Jaurlaritzari gonbidapena
Eusko Jaurlaritzari ekimenaren berri eman eta bidelagun izateko proposamena egingo diote. Izan ere, Urigoitia Jaurlaritzako ‘Biktimen Udal Erretratuak’ txostenean agertzen da eta biktima lez aitortuta dago. “Muralean sustatzaile lez udala ez ezik Jaurlaritza ere agertzea litzateke idealena”, uste du Armendarizek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!