Joseba Irabazal AEK-ko eta Korrika antolatzen diharduen lan talde bateko kidea da, eta otxandiarren erantzunak ez du harritu. “Aurreragoko beste ekimen baten deialdia egin genuenean, kultur etxeko aretoa bete egin zen. Lehenengo esperientzia nuen, eta hark bai harritu ninduen. Orain, Korrikagaz laguntzeko egindako deialdian ere jende mordoa batu da. Eta ez zen batzar informatiboa, bazekiten lanak banatzeko batzarra zela”. Miren Kanpo ere lan talde bateko kidea da, eta otxandiarren “boluntarismorako joera” azpimarratu du. “Hasieratik parte hartzeko gogoa ikusi dugu otxandiarrengandik”, esan du.
Korrikagaz lotura berezia
Korrikagaz hartu-eman berezia izan du beti Otxandiok. Lehenengo 12 aldietan herritik igaro zen, behin ere hutsik egin barik. 2003ko aldia izan zen Otxandio ibilbidetik kanpora geratu zen lehenengo aldia, eta herriko kaleetatik beren Korrika propioa egitea erabaki zuten, AEKri eta euskarari laguntzeko. “Harrezkero, Otxandiok beti ospatu du Korrika, herritik igaro zein ez”, Kanporen berbetan.
Korrikagaz izan duten harreman horrek hamaika istorio bitxi utzi ditu, eta horietako hainbat ezagutzeko aukera egongo da bihar. Giroa berotzen joateko, lan talde batek hainbat ekintza antolatu du astebururako, eta ‘Korrika Otxandio’ izeneko ibilbidearen bidez, herriak Korrikagaz izan duen hartu-emanari buruz gehiago jakiteko aukera egongo da zapatuan, 18:30ean. Esaterako, 1985eko laugarren aldian gertatu zen kuriositatea modukoak: gaueko ordu txikietan, Korrika aurreikusitako ordutegitik dezente aurreratuta zetorrela-eta, antolatzaileak Otxandiora abiatu ziren abisatzera, martxari aurrea hartuta. Bertara heltzean, aldra jaikiberria beharrean jai-giroan zebilen koadrila bat aurkitu zuten. Batzuk urduri eta presa sartu nahian, eta besteak patxadatsuago, jendea laster itzarriko zela esanez. Bitxikeriak, datuak… denetariko kontakizunak izango dira. Herria Korrikaren inguruko kolore eta osagaiz apaintzea da, bihar, 11:00etan hasita, auzolanean egingo duten beste ekimen bat.
Egin eta eragin
Korrikaren inguruan sortu den ilusioa euskararen alde lan egiteko ere baliatu gura dute. Horixe da erabileraren eta sentsibilizazioaren ardura duen taldearen zeregina. “Ez dugu jai hutsa bakarrik izatea gura”, dio lan talde horretako Aitziber Balantzategik. Euskararen kale erabileran eragin gura dute. “Azken urteetan beheradaka handia eta arina eman da”, azaldu du. Oraintsu egindako tailer batean, herritarrek gai honi buruz dituzten iritziak jaso zituzten. Orain aurrera begirako plangintza osatuko dute.
Musika, antzerkia, dantzak… hasiera eguna animatzekoKorrika martxoaren 30ean, 17:00etan, abiatuko da Otxandioko plazatik. Horren aurretik, Aurrera Korrika izeneko ikuskizun koloretsuagaz gozatu ahalko da plazan. Korrikaren abestiko letra abiapuntu hartuta, musika, antzerkia, dantzak eta zirkua batzen dituen ikuskizuna osatu dute diziplina anitzeko ‘malabaristek’. Herriko gaztetxoek koreografia bat ere prestatu dute eta plaza osoa eurekin batera dantzan jarri gura dute. Korrika joan ostean ere jai-giroak aurrera jarraituko du, Egonian elektrotxarangagaz lehenengo eta Gozategiren erromeriagaz ondoren. Aurten, sortu zeneko 25. urteurrena ospatzen dabil Gozategi. Gaztetxoak goizean izango dira protagonista. Korrika Txikia egin ostean, Korrika kantekin egindako koreografiak erakutsiko dituzte. |
EGITARAUA Martxoak 26 Martxoak 30 |