“Presentzia areagotzea ez da nahikoa, lapurrak harrapatu ditzatela gura dugu”

Joseba Derteano/ Markel Onaindia 2017ko ots. 10a, 09:19
Jabi Axpe, Nahia Gomez eta Jabi Gorrotxa Otxandioko Artekale kalean.

Azken urte bietan lapurreta asko izan dira herriko taberna eta dendetan. Iaz ertzainak 13 bider joan ziren Otxandiora lapurretengatik, eta aldi bakoitzean bi, hiru edo lau lapurreta izan ziren. Herrian bolo-bolo dabilen gaia da, eta otxandiarrak kezkatuta daude. Joan zen astean ertzainak tabernari eta ostalariekin batu ziren. Zertan dabiltzan informatzea eta egoera baretzea zen helburua, eta erdizka lortu zuten. Informazio asko baina irtenbide gutxi eskaini zituztela uste dute ostalariek.

“Batzarrean kontatu ziguten dena bagenekien, guk irtenbideak gura ditugu”, dio Lora tabernako arduradun Nahia Gomezek. Lapurrak behin sartu zaizkio eta beste hainbat saiakera egin dituzte.

Azken asteetan Ertzaintzak zaintzak areagotu ditu herrian. Hori begibistakoa dela dio Danoena tabernako Jabi Axpek. Hiru bider sartu zaizkio lapurretan, orain hiru aste azkeneko bider. Herriko plazaren ondo-ondoan du taberna, eta handik “askotan” ikusten du ertzainen kotxea plazaren erdian. “Gauez herritar jantzita ibiltzen dira, baina mundu guztiak daki nortzuk diren, hau da, bista-bistan dabiltza”, azaldu du. Baina gauza bat da zaintza areagotzea eta beste bat lapurrak harrapatzea. Ildo horretatik, Gomezek batzarrean esandakoa errepikatu du. “Ertzainen presentzia handitzea ez da nahikoa. Lapurrak harrapatu ditzatela gura dugu”.  Ikusitakoaren arabera, Axpek ere dudak ditu.“Bai, ikerketa irekita dutela eta lanean dabiltzala azaldu ziguten. Egia da, hori horrela bada, informazio gehiegi ere ezin dezaketela eman, baina, hala ere, nire irudipena da gehiago dabiltzala lapurrak ikaratu  nahian harrapatu guran baino”, gaineratu du.

Jabi Gorrotxa Taberna izeneko tabernako arduraduna da, eta lapurrak bederatzi bider sartu zaizkio bertara. “Kokoteraino” dago, eta batzarrean deabruaren abokatu jardun zuela onartu du. “Otxandion gertatzen zebilena ezohiko egoera zela onartu ziguten. Hori horrela bada, irtenbideak ere horren araberakoa izan beharko du, ezta? Badakigu lapurretak gaueko ordu jakin batzuetan direna, eta une horietan ere zaintzak beti egingo zituzten, baina ez zidaten erantzun garbirik eman”, gogoratu du.  

Lapurreta kasuak
Otxandioko taberna eta denda denak kale berean eta bata bestearen ondoan daude, erdiguneko Artekalen. Denbora gutxian hainbat tokitan sartzeko modua ahalbidetzen die horrek lapurrei. Horregatik, datozen bakoitzean, hainbat tokitan sartzen dira.

Tabernariek sarraila gehiago jarri dituzte ate eta leihoetan, baina berdin-berdin sartzen dira sarrailak apurtuta edo leihoak babesten dituzten barroteak bortxatuta. Kutxa erregistraitzaleak hutsik egoten direnez, makina txanponjaleak izaten dira jomuga. Taberna batzuek alarmak dituzte, baina hori ere kalkulatuta dute. “Lehenengo, alarmarik ez duten tokietara sartzen dira, eta alarma duena azkenerako uzten dute, sartu-irten arin-arina egin eta ihes egiteko”, dio Axpek.

Joan zen asteko batzarrean lapurrak Europa ekialdekoak zirela azaldu zuten ertzainek, talde antolatua eta mota horretako lapurretetan adituak direla.  

Behin, lapurrak harrapatzekotan izan ziren ertzainak. Lapurreta baten ostean atzetik jazarri zieten, korrika, baina ihes egitea lortu zutela gogoratu dute tabernariek.

Zaintza areagotuta, lapurreta kasuak gutxitu egin daitezkeela uste dute tabernariek, baina benetan itxaroten dutena Ertzaintzaren ikerketaren emaitza da.

‘Finca El Torito’, lapurrek garaipena ospatzeko aukeratu duten txokoa

Yago Diego Elgea eta bere lagunek jai andaluziar bat egin zuten duela zenbait urte, bigantxa eta guzti, berak Andresa Landa ondoan daukan lursail batean. Txantxetan, Finca El Torito zioen kartel bat eskegi zuten atean, eta hantxe dirau oraindik. Izen horregaz ezagun da geroztik Diegoren lursaila, txoko bat ere baduena. Bada, Otxandion dabiltzan lapurrek euren garaipenak ospatzeko aukeratu duten lekua da, lasai asko dabiltzan seinale. Pelikuletako istorioa dirudi.

Ez dute kasik ezer lapurtu, jan eta edan bai, ordea. “Iaz aizto batzuk eraman zizkidaten, baina, osterantzean, edan baino ez dute egin: ardoa, kubalibreren bat, kafea... Behin, estufa eta guzti egon ziren, erosotasun guztiagaz!”, kontatu du Diegok. Azken lapurreta gauean ere ez zuten hutsik egin. “Duela hiru asteko lapurretetan ere etorri ziren. Botila bat ardo edan zuten, eta kito”, azaldu du Yago Diegok. Bereaz aparte, beste txoko batean ere sartu izan dira.

Herriko arrain-saltzailea da Diego, eta komertzioetan bizi den kezka ezagutzen du, beraz. “Azkenaldian ertzainak etenik barik dabiltza patruilatzen. Baina beti ez dira horrela egongo, eta, amaitzean, lapurrak berriro etorriko dira”, uste du txokoko jabeak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!