“Otxandio errementari askoko herria izana da, eta horren inguruan zer edo zer egin behar genuela esan genion elkarri”, gogoratu du ekimeneko sustatzaileetako bat den Jose Miguel Gonzalez de Audikana otxandiarrak. “Belaunaldi berriei errementariek Otxandion izan zuten garrantzia erakusteko baliagarria izatea gura dugu”.
Errementarien ofizioagaz lotzen den eta hainbat elementu eremu berean batzen dituen burdinazko eskultura “itzel” bat izango da. Burdinazko oinarri komun batek (7,5 metro zabal eta 5 metro luze) batuko ditu elementu guztiak. Osagai denek elkarregaz errementari baten lana eta lan eremua irudikatuko dituzte.
Eskulturaren lehenengo maketa bat diseinatuta dute dagoeneko. Irudi nagusiak errementaria bera lanean islatzen du. Esku biekin mailua buru gainetik jasota, ingudean jarrita dagoen pieza jotzeko prest ageri da. Gorputzak ere ofizioari egiten dio erreferentzia. Beso, hanka, gorputz-enbor eta gainerako atalak kate baten katebegiak dira. Hau da, kate handi batek osatuko du gorputza. Lau bat metroko garaiera izango du irudi horrek.
Bere inguruan errementariek euren ogibidean erabiltzen zituzten hainbat lan-tresna jarriko dituzte. Horietako batzuk benetakoak izango dira, eta ez dago hutsetik sortu beharrik. Esaterako, errementariaren parean egongo den ingudea gaztetxeko atarian kokatuta dago gaur egun. Eskultura osatuko duten beste hainbat elementu (iltzeak, tenaza eta ferra, esaterako) udaletxeko biltegitik jasoko dituzte. Eskultura oso-
osoa burdinazkoa izango da eta 12-14 tona inguru pisatu dezake. Ondoan, informazio panel bat gehituko diote.
Andresa Landa eraikinaren ondoan kokatuko dute, Otxandioko familia batek utzitako lurzati batean. Zorua atontzeko lanak udalak egingo ditu. Gainerakoan, proiektuak ez du gastu handirik eragingo. Izan ere, errementariaren irudia Vicinay enpresak dohainik egingo diela adierazi du Gonzalez de Audikanak. Vicinay kategintzaren arloko mundu mailako enpresa garrantzitsu bat da eta Otxandion du bere sorburua.
Eskultura Santamaña jaietan inauguratuko dute. Gauez egitea gura dute, suari erreferentzia egiten dioten osagaiak izango dituen ikuskizun baten bidez.