Anfibio espezieak babesteko guneak sortuko dituzte Mekoletan

Joseba Derteano 2016ko aza. 29a, 09:15
Mekoletan presazelai inguruan dago anfibioen komunitate aberatsa duen ingurua.

Anfibioak igel, apo eta euren antzeko ezaugarriak dituzten animalia multzoa dira, eta Europan espezie asko arriskuan daude euren gune naturalak desagertzen doazelako. Otxandioko Mekoleta auzoan, errekaren ondoko inguru batean, anfibio komunitate “oso aberatsa” bizi da Urtzi Armendariz alkatearen esanetan, eta hori zaintzeko proiektu bat jarri dute martxan.

Durangoko Anbientalia 21 eta Aranzadi Zientzia Elkarteagaz batera daramaten proiektua da. Anfibio komunitateari eusteko eta euren ugalketa errazteko helburua duten nitxo bi  (120 eta 30 metro karratuko bana)sortu gura dituzte urtea amaitu aurretik. Nitxoek ezaugarri desberdinak edukiko dituzte. Horrela, “ahalik eta dibertsitaterik handieneko anfibio espezietara heldu gura dugu”, azaldu du Ambientalia 21eko kide Sergio Gallegok. Lanak hasi ahal izateko falta zaizkien baimenak jasotzeko zain daude orain. Datorren urtean baliteke nitxo gehiago sortzea.

Guztira, 10 espezieren errekuperazioan eragin gura dute proiektuagaz. Horien artean, esaterako, desagertzeko arriskuan dagoen igel bizia deituriko bat dago. Anfibioak zainduta, sorgin-orratzak, hegaztiak eta bestelako animaliak ere indartuta irtengo direla uste dute. “Azken batean, ekosistemari aberastasuna ematen zaio”, adierazi du Gallegok.

Turismoa eta hezkuntza
Proiektuak beste helburu bi ere baditu. Aurrera begira, ibilbide turistiko bat sortu gura dute, presazelai eta inguru hori lotuz eta panel informatiboak gehituz. Horregaz lotuta, naturagaz lotutako hezkuntza bultzatzeko bide bat ere ikusten dute. Herriko aberastasun naturala hezkuntzarako baliabide moduan ere erabili gura dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!