Otxandioko herriari egindako gonbita onartuta, Urtzi Armendariz alkatea joango da herritar denen izenean: “Gerra Zibiletik bizirik dirautenekin egon garenetan, gabezia horixe ikusten zutela adierazi izan digute, herritik edo gure ingurutik kanpora ere Otxandion gertatu zena ezagutu ez izana, hain zuzen ere. Kontatzen ez badugu, ez da jakingo”, adierazi zuen Armendarizek joan zen egueneko udalbatzarrean gonbidapenaren berri eman zuenean.
Ekitaldia bihar, 18:30ean, izango da Madrilgo Conde Duque kultur etxean. Gerra Zibilean Madrilgo Defentsa lez ezaguturiko gertaerak jazo zireneko 80. urteurrenean antolatu dute. “Otxandion jazo zena kontatzea eta memoria historikoa berreskuratzearen garrantzia azpimarratzea” izango dira Armendarizen berbaldiaren zutarriak.
Argentinako kereila
Otxandioko alkateaz gainera, beste hainbat hizlari izango ditu ekitaldiak. Frankismoko biktimen inguruan, Argentinako kereilako abokatua den Ana Messuti eta Angel Bahamonde historiatzailea izango dira horietako bi. Ekitaldira Frankismoko biktimak, magistratuak, sindikatuetako ordezkariak… gonbidatu dituzte.