Funky eta hip hop ikastaroa antolatu dute Otxandion

Joseba Derteano 2016ko urr. 31a, 16:23

Azaroaren 16an hasiko da eta udaletxean egin daiteke izen-ematea.

Otxandioko Udalaren eta herritarren artean bost ikastaro prestatu dituzte. Azaroaren 9ra artekoa da izena-emateko epea denentzako eta udaletxera joanda edo kultura@gmail.com helbide elektronikora idatzita egin daiteke.

Funky eta hip hop dantza ikastaroa da horietako bat. 12 saio izango ditu azaroaren 16an hasita. Eguaztenetan 19:15etik 20:45era izango dira. 25 euro da herritan erroldatutakoentzat eta 30 euro erroldatuta ez daudenentzat.

Dantzatzea baino abestea gurago duenak ahots tailerretan parte hartu dezake. Kantuan aritzeko ahotsaren erabilera egokia irakatsiko dute ikastaro horretan. 13 saio izango ditu 2017ko urtarrilaren 14tik aurrera eta zapatuetan izango dira, 11:00etatik 12:30era. (20/25 euro). Umeei bideratutako ‘Abestuz Gozatu’ tailerra ere antolatu dute. Ikastaro hau azaroaren 14an hasiko da eta 13 saio izango ditu zapaturo adin tarte bitan banatuta: 5-7 urte artekoentzako 11:00etatik 12:00etara eta 8-10 urte artekoentzako 12:00etatik 13:00etara (10/15 euro).

Zeinu hizkuntza ikasteko ikastaroa

Gorrekin komunikatzen ikasteko zeinu hizkuntza da beste ikastaro bat. Azaroaren 16an hasiko da eta 10 saio izango ditu eguztenero: 17:00etatik 19:00etara (22/27 euro).

Azkenengo ikastaroak puntu, kakorratz eta frovolite teknikak ikasten lagunduko du. Azaroaren 18tik aurrera 15 saio izango ditu aste batean barikuetan (17:30-19:30) eta hurrengoan zapatuetan (16:00-18:00). 22 edo 27 euro da prezioa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!