Otxandioko Udala etxejabeei aholkularitza eskaintzen ari da katastroaren eguneraketa dela-eta

Joseba Derteano 2016ko urr. 31a, 10:48

Gura duten etxejabe guztien kasuak aztertuko dituzte. 600 etxejabetik gora daude Otxandion eta hiru langile udaletxean: “Udaletxea kolapsatu daitekeela asumitzen dugu”, dio Urtzi Armendariz alkateak.

Bizkaiko Foru Aldundiak katastroen balioak eguneratu ditu 40 urtean lehenengoz Bizkaia osoan. Horrek eragin zuzena du Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan, balio katastrala hartzen delako oinarri moduan. Bizkaiko etxejabe guztiei eragiten die eguneraketak eta kasuistika abaniko zabala sortu da. Aldundiak harretarako gune bat ireki du Durangoko Pinondo etxean, baina Urtzi Armendariz alkatearen ustez ez da serioa otxandiar bat Durangora arte joan behar izatea bere kasua aztertu dezaten: “Hori ez da administrazioa herritarrei gerturatzea”. Horregatik, udaleko baliabideak herritarren zerbitzura jartzea erabaki dute. Gura duten guztiak udaletxera joan daitezke euren kasuan sakontzera eta "beharrik balego udalak tramitazioak egiten ere lagunduko lieke".

Joan zen eguenean hasi ziren zerbitzua eskaintzen eta urtea amaitu arte iraungo du. Lehen egunean hamar bat otxandiar atenditu zituztela azaldu zuten egun horretan bertan egindako udalbatzarrean. Gai honi lehentasuna ematen ari dira. Kontua da Otxandion 600 etxejabe baino gehiago daudela eta udaletxean hiru lagun dituztela kasuak aztertzeko: “udaletxea kolapsatu daitekeela onartzen dugu, baina nahiago dugu horrelako kontu inportanteei lehentasuna emanez herritarrei laguntzea eta beste kontu batzuk atzeratzea”, azaldu du Armendarizek. Udaletxea goizetik eguerdira egoten da zabalik. Arratsaldetan ere txanda batzuk irekitzen saiatuko direla diote. Udalbatzarrean argitu zutenez herritar batzuk prest agertu dira udal langileei laguntzeko eta txanda batzuk betetzeko.

Herri batzarrera 200 herritar

Katastroen eguneraketak zeresan handia eman du. Hori argi geratu zen joan zen eguaztenean udalak kultur etxean egindako herri batzarrean. 200 lagunetik gora batu zen. Udal ordezkariek katastroaren eguneraketako prozesua zelan eman den kontatu zuten eta herritarren dudak argitzen saiatu ziren.

Katastroa eguneratzeagaz konforme daudela adierazi du Armendarizek, baina ez hori gauzatzeko Aldundiak eraman duten moduagaz. Izan ere, herria bertatik bertara ezagutzen duen heinean, udalak prozesuari ekarpenak egin ahal zizkiola uste du, baina Aldundiak ez diela kasurik egin salatu du: “Batzarrak eskatu eta gugaz ez zirela batzartuko adierazi ziguten. Udaletxetik egindako ekarpenei atea itzi izana oso txarto iruditzen zaigu”. Ondorioa da “akats handiak” egiten ari direla: “Adibide bat jartzearren Otxandioko lur zati bat Ubide barruan kokatu dute. Hori gertatu da gauzak arin eta txarto egin dituztelako”.

Alegazioak egiteko hilabete bat ematea ez zaio denbora nahikoa iruditzen : “40 urteren ostean prozesu garden bat egin nahi bada epe zentzuzkoago bat behar dela uste dugu. Eta bitartekoak jarri behar direla herritarrek ulertu dezaten honek guztiak zertan datzan, datuak kontrastatu ditzaten eta zerbaitegaz ados ez baleude hori adierazi dezaten”.

Armendarizen ustez Aldundiak “apropos” eraman du prozedura horrela “arin joan dadin”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!